11:00 aldera hasi da “Gora Bihotzak” izeneko umeentzako ikuskizuna Herriko Plazan. Lilurarekin begiratzen zieten oholtza gaineko pailazoei etxeko txikienek, eta erabat txundituta amaitu dute ekitaldiarekin.
Horren ondoren, 12:30ean, Kantu Salda taldeak poteo musikatua eskaini du kalez kale. Errusta tabernaren parean hasi, Hendaia Plazan jarraitu eta Herriko Plazaraino ailegatu dira hasieran. Inguru horretan poteoan zebilen jendeari goiza alaitu diete abeslariek beren emanaldiarekin. Hori gutxi ez balitz, plazatik herri barruraino ere joan dira Kantu Saldako partaideak, kalez kale geldialdiak egiten jarraituz.
14:30ean herri bazkaria egingo da, horregatik, goizetik hasi dira herritarrak bazkalordurako mahaiak prestatzen Karela kiroldegian. Janaz eta edanaz asebete ondoren, jolasetan parte hartzeko aukera izango dute mahai-ingurukoek.
18:00etan berriz, Orioko txaranga gerturatuko da bertara kiroldegia musikaz girotzeko, eta ordu erdi geroago, erraldoi eta buruhandiekin batera kalejiran kalez kale ibiliko dira, Herriko Plazara iritsi arte.
Hemen gaurko eta biharko egitaraua:
Gaur, abenduak 7, San Nikolas bigarrena
- 14:30. Herri bazkaria, Karelan.
- 18:00. Orioko txaranga, Karelan.
- 19:00. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta herriko txarangarekin, kalez kale.
- 22:00. Kontzertuak: Zinez, Marte Lasarte, Bad Sound System, Troti DJa eta La Fulana DJa. Herriko Plazan.
Bihar amaituko dira festak, eta are egitarau borobilagoa prestatu dute azken egunerako:
Bihar, San Nikolas hirugarrena
- 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa-ko eskaileretan.
- 11:00. Haurrentzat Euskal Herriko jostailuen inguruko lantegia eta jokoak, Herriko Plazan.
- 12:00. Kantujira herritar talde batek antolatuta, kalez kale.
- 13:00. Orio Arraunketa Elkartearen banderen bedeinkapena elizan, eta ondoren, bazkaria.
- 13:00. Gure Sukaldetik-en eskutik bazkaria, txosnetan.
- 16:00. Herri kirol parte hartzaileak haurrentzat eta gazteentzat, Herriko Plazan.
- 17:00. Herri kirolak, Joseba Ostolaza harri eskolaren eskutik, Heriko Plazan.
- 17:00. Erraldoi eta buruhandi eta trikitilariekin kalejira kalez kale.
- 18:00. Talo jana, Herriko Plazan.
- 19:30. Muxutruk erromeria taldearen kontzertua, Herriko Plazan.