Herriko bi puntu desberdinetan hasi dituzte gaur arratsaldean San Nikolas jaien atariko ekintzak. Batetik, Kultur Etxetik abiatuta, Pello eta Nikolasa erraldoiek eta buruhandiek kalejira jendetsua egin dute Danbolin musika eskolako txistulari taldeak lagunduta, eta ibilbide dotorea osatuta, Herriko Plazan hartu dute atseden. Bestetik, Ondoezik elektrotxaranga Herriko Plazaren bestaldean ibili da, erritmo alai eta biziak eskainiz herritarrei. Haiek ere Herriko Plazan amaitu dute ibilbidea. 20:00etarako minutu gutxi falta zirenean iritsi dira plazara batzuek zein besteak, eta orduantxe hasi du euri zaparrada.
Aurten Festa Batzordeak eduki du festen hasierako txupinazoa botatzeko ohorea, eta aurrez, Anuska Esnal alkateak bi hitz egin dizkie herritarrei udaletxe kanpoaldean. "Suziri bat itsasoaren erdian laguntza oihu bat da. Festa Batzordeko kide batek balkoitik botata, festa oihu bat da" esanez hasi du hitzartzea, alboan udaleko ia zinegotzi guztiak zituela. Goian, balkoian, zeuden EH Bilduko eta EAJko zinegotzi bana, Maddi Etxeberria Festa Batzordeko kidearekin batera. "Gaur egun, plazak sare sozialak bihurtu ditugu, eta bertan denok zoriontsu azaltzen gara. Irribarre perfektua, filtroekin irudikatutako gorputzak... baina kontsumoaren gurpilak gelditu eta barrura begiratuta, beste bat da errealitatea. Antsietatea, bakardadea... Horregatik guztiagatik, inoiz baino gehiago behar ditugu plazak. Plazak dira topagune, eztabaidagune, elkarrekin sortzeko gune. Beraz, has daitezela festak. Gozatu!", hausnartu du Esnalek.
Suziria jaurti, herriko bandera eta ikurrina altxa, eta polka dantzatzen murgildu dira plazan elkartutako herritar asko eta asko, festari hasiera ezin alaiagoa emateko.
Txosna zabalduta, Ondoezik elektrotxarangak aurrena, eta Laprast erromeria taldeak girotu dute gero plaza festen lehenengo egun honetan.
Astelehen gauera arte, oriotarrek ez dute etxean gelditzeko aitzakiarik izango. Honakoa da hurrengo egunetarako egitarau osoa:
Larunbata, San Nikolas eguna
- 09:00. 3x3 saskibaloi festa, Karelan, LH 3-DBH 4 artekoentzat.
- 11:00. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeentzat jolasak, ikastolako pergolan.
- 11:00. Meza nagusia elizan, Salatxo abesbatzak kantatuta.
- 12:30. Dantzari helduen dantza sueltoko txapelketa, Herriko Plazan.
- 17:00. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta Danbolin musika eta dantza eskolako trikitilariekin. Herriko Plazatik abiatuta.
- 18:00. Danbolin musika eta dantza eskolako bandaren kontzertua, Herriko Plazan.
- 19:00. Patata tortilla lehiaketa LH 6-DBH 4 arteko gaztetxoentzat, ikastolako pergolan.
- 20:00. Punttu Kakotx elektrotxaranga, kalez kale, Herriko Plazatik hasita.
- 22:00. Bertso saioa Karelan. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Bizkarra, Nerea Elustondo eta Xabat Illarregi.
- 23:00. Kontzertuak: Ganibet, Aimarzz, Makeda DJa eta Denz DJa. Herriko Plazan.
Igandea, San Nikolas bigarrena
- 11:00. Gora bihotzak umeentzat ikuskizuna, Herriko Plazan.
- 12:30. Kantu Saldarekin, poteo musikatua kalez kale.
- 14:30. Herri bazkaria, Karelan.
- 18:00. Orioko txaranga, Karelan.
- 19:00. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta herriko txarangarekin, kalez kale.
- 22:00. Kontzertuak: Zinez, Marte Lasarte, Bad Sound System, Troti DJa eta La Fulana DJa. Herriko Plazan.
Astelehena, San Nikolas hirugarrena
- 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa-ko eskaileretan.
- 11:00. Haurrentzat Euskal Herriko jostailuen inguruko lantegia eta jokoak, Herriko Plazan.
- 12:00. Kantujira herritar talde batek antolatuta, kalez kale.
- 13:00. Orio Arraunketa Elkartearen banderen bedeinkapena elizan, eta ondoren, bazkaria.
- 13:00. Gure Sukaldetik-en eskutik bazkaria, txosnetan.
- 16:00. Herri kirol parte hartzaileak haurrentzat eta gazteentzat, Herriko Plazan.
- 17:00. Herri kirolak, Joseba Ostolaza harri eskolaren eskutik, Heriko Plazan.
- 17:00. Erraldoi eta buruhandi eta trikitilariekin kalejira kalez kale.
- 18:00. Talo jana, Herriko Plazan.
- 19:30. Muxutruk erromeria taldearen kontzertua, Herriko Plazan.