Zaintza ikuspegi "zabal eta komunitariotik" lantzeko jarduera sorta antolatu du udalak

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 3a

Orioko errioa. (Onintza Lete Arrieta)

Zaintzak Plazara izenburupean, udalak abendutik martxora zaintzaren inguruan egingo dituen saioen eta ikastaroen programa aurkeztu du. Lehenengo hitzordua abenduaren 12an izango da, eta Uxue Alberdi eta Amoranteren gidaritzapean, Esne Berriketan bertso saio literarioa eskainiko dute Kultur Etxean. Sarrerak dagoeneko eskuragai daude Turismo Bulegoan eta Saregilen. 

Orioko Udalak 2023an jarri zuen martxan herriko zaintzaren inguruko azterketa eta lanketa prozesua. 2024ko martxoan Zaintzak Plazara ekimenarekin eman zion hasiera zaintzaren inguruko gogoeta eta sentsibilizazio prozesuari. Ondoren, zaintzarekin lotutako herriko eragileekin, elkarteekin eta herritarrekin bilera eta lansaio ugari antolatu zituen, eta horri esker, urte bukaeran Orioko Zaintzaren Diagnostikoa aurkeztu zuen.

Dagoeneko herriko zaintza sistema eraldatzeko gidalerroak finkatuta, abendutik martxora luzatuko den Zaintzak Plazara gogoeta saioak eskainiko ditu. Jarduera horien helburua da zaintza ikuspegi "zabal eta komunitariotik" lantzea, eta aldi berean, herritar guztien hausnarketa bultzatzea. Lehenengo ekintzari dagokionez, Esne Berriketan bertso saio literarioa egingo dute abenduaren 12an, Uxue Alberdi eta Amoranteren gidaritzapean. Bertsotan, aldiz, Miren Artetxe eta Maider Arregi arituko dira. Saioa Kultur Etxean eskainiko dute, 19:00etan hasita, eta sarrerak Turismo Bulegoan edota Saregilen daude eskuragai.

Datorren urtera begira ere izango da ekintzarik. Urtarrilaren 12an hasita, Olaia Aranak zaintzaren inguruko saioak eskainiko ditu, Hitz egin dezagun gure zaintzaz izenburupean. Besteak beste, zaintza pertsonalen, medikuen, administratiboen eta ekonomikoen inguruan gogoeta egiteko espazioak izango dira. Gainontzeko saioak urtarrilaren 19an eta 26an eta otsailaren 2an izango dira, 17:30ean, Kultur Etxean.

Otsailaren 24ean, asteartearekin, Zahartzeko manerak euskal literaturan hitzaldia eskainiko dute Arantxa Urretabizkaiak, Yolanda Arrietak eta Mari Luz Estebanek. Bestalde, dinamizatzaile lanetan arituko da Iratxe Retolaza. Saregilen izango da hitzordua, 18:00etan. Eta jardueren zikloarekin amaitzeko, aurten estreinatu den Jone, batzuetan filma proiektatuko dute martxoaren 12an, Kultur Etxean, 19:00etan hasita.

Bost erronka finkatuta

Orioko Udalak guztira bost erronka estrategiko zehaztu ditu zaintzaren eraldaketa prozesuari lotuta, eta horien bidez, Orio herri "zaintzailea" bihurtzea da asmoa. Lehenengo erronka zainketa lanak eraldatzeko egiturak sortzea. Horretarako, udalak lehentasuna emango dio tokiko zainketa sistema eraldatzea ahalbidetuko duten antolaketa oinarriak indartzeari. Helburu hori finkatuta, martxan dagoen talde eragilea indartuko dute, eta aldi berean, Orioko Zaintza Mahaia eratuko da, "zaintzaileak, eragile komunitarioak eta herritarrak bilduko dituen talde parte hartzailea", hain zuzen.

Bigarren erronka zaintzaren pedagogia zabaltzea izango da. Udalaren ustetan, zainketen inguruko prestakuntza eta sentsibilizazioa "funtsezko oinarriak" dira udalerrian aldaketa bultzatzeko. Horregatik, udalak prestakuntza jardueren programazio egonkorra finkatuko du urtean zehar, "gizarte kontzientzia eta zainketei buruzko begirada kritikoa zabaltzeko" asmoarekin.

Zaintzaileen bizi eta lan baldintzak hobetzea izango da hirugarren erronka. Udalak zehaztu duenez, egunerokoan zaintza lanei eusten diotenen baldintza duinak bermatzean datza prozesu honen ardatza, "maila profesionalean zein afektiboan", zehazki. Eta baldintza horiek bermatzeko, etxez etxeko laguntza zerbitzuan hobekuntzak bultzatuko dituzte, eta halaber, zaintzaileen profilak "mapeatzeko eta antolatzeko" prozesu bat garatuko dute.

Zaintzaren arloko beste erronka bat da erantzunkidetasuna eta erkidegoko sarea indartzea. Udalak argi du zainketak "komunitate indartsu eta aktibo batean bakarrik" berma daitezkeela. Hori horrela izanda, udalak "boluntariotza sare baten egituraketa" sustatuko du, auzozainen figuraren bidez. Zainketen lurralde estrategia garatzea izango da bosgarren eta azken erronka. Herri zaintzaile bat eraikitzeko, udalak ezinbestekotzat jotzen du "lurraldearen plangintzatik abiatzea". Horregatik, hirigintza zaintzailearen ikuspegia garatuko du, "pertsona guztien eguneroko bizitza eta autonomia errespetatu eta erraztuko dituen espazio publikoak ahalbidetzeko", hain justu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide