San Nikolas jaiak 2025

Kantujira, ikurrin berezi eta guzti

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 1a

Hainbat oriotarrek Ertzilla etxetik herrigunera eraman zuten ikurrina 1975ean, Franco hil ondoren. (Utzitakoa)

Lagun talde batek kantujira saioa antolatu du "bertako ikurrak eta euskaldunen izaera pizteko", eta horrekin batera, 1936ko gerran ezkutatutako udaletxeko ikurrina aterako dute kalera. Abenduaren 8an izango da hitzordua, San Nikolas hirugarrenean.

Lagun talde bat beren artean hasi zen aipatzen zeinen urrun ari zen gelditzen euskaldunen nazio ikuspegia, eta nola ari ziren espainiartzen, bai oriotarrak, bai gizartea, orokorrean, "Orion bertan kanpoko ikurrei txalo egiteraino".

"Euskal kultur adierazpideak gero eta urrunago, gure hizkuntzarekiko lotura gero eta txikiagoa, gure ikurrak ahaztuta, eta kanpoko ikurrak normaltasunez pasieran. Barruak krak egin digu", kontatu dute. Eta kritika eta hausnarketa egin ere bai: "Espainiera bihurtu da gure belarrietatik sartzen den soinu-bandaren hizkuntza ia bakar, mundutarkeriaren izenean. Herri menderatu bat gara oraindik ere, eta hori ez dugu ahaztu behar. Gure sinbologia propioa badugu eta hark gogorarazten digu nondik gatozen, nora joan nahi dugun jakin dezagun. Hemen jendeak izerdi larria, eta areago, baita odola ere isuri du gure nortasunaren parte diren elementu horien guztien aldeko lanean: gogoan dugu ikurrina nola gorde izan behar zuten urte luzez ezkutuan, berriz legeztatzean ateratzeko. Euskaraz aritzeagatik zigorra jasotzen zutenak gure artean bizi dira oraindik, gu espainierara hain erraz pasa gaitezen. Haiei zor diegu, baina batik bat oraindik euskal herritar izan nahi dugunok justiziari zor diogu honen guztiaren zaintzaren ardura", hausnartu dute.

Kanpotarrei aterik itxi gabe, baina konplexurik gabe bizitzera deitu dute: "Gurera datozenak beso-zabalik hartuko ditugu beti, eta herri hau zein eta nolakoa den erakutsi nahi badiegu, konplexurik gabe aldarrikatu beharko dugu nor garen".

Egoera honen aurrean zerbait egiten hasi beharra ikusita, bururatu zitzaien San Nikolas jaietan kalera ateratzea, "gure ikurrak aldarrikatzeko eta gure izaera pizteko".  Kantujira egingo dute horretarako; gitarra batzuen laguntzarekin, kalez kale euskal abestiak elkarrekin kantatuko dituzte. Zapiak ere banatuko dituzte ikurrina, Nafarroako bandera eta arrano beltzaren irudiekin. Sanikolasetako azken egunean izango da, abenduaren 8an, astelehenarekin, 12:00etan Herriko Plazatik abiatuta.

Ezkutuan egondako ikurrina, plazara

Kantujirak edukiko du parte sinbolikoa ere. Izan ere, 1936ko gerra hasi zenean herritar batzuek udaletxeko ikurrina ezkutatu zuten, "Lasa farmaziako Iñaki Lasaren aitona zenak eta, Lasa hura baitzen orduan alkatea", eta Franco hil zenean, 1975. urtean, Ertzilla etxetik atera eta kalean ibili zuten. "Gerora, udaletxean egon da ezkutatuta, galduta, eta orain hau antolatzen hasi garenean, aurkitu egin dugu". Bada, ikurrina hori kalera aterako dute kantujiraren egunean.

Horrez gain, egun hauetan euskal nortasunari eta ikurri horri buruzko bideo labur batzuk partekatuko dituzte sare sozialetan. Bideo horietan, herritarrak ageri dira beren iritziak edo oroitzapenak kontatzen.

Egitasmoa horretara mugatu du oraingoz lagun taldeak, baina ez du baztertzen jarraipena ematea, bai kantujirarekin segiz, bai bestelako ekintza zehatzak antolatuz. "Denborak esango du hori", azaldu dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide