Orioko Udalak 11,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, iaz baino %4,17 handiagoa

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 28a

Atzo iluntzean egin zuten azaroko ohiko bilkura, eta aho batez onartuta gelditu ziren aurrekontuak, behin-behinean. Aurten baino 468.000 euro gehiago izango ditu udalak datorren urteko aurrekontuetan, aldundiko diru funtsei esker nagusiki, baina inbertsioetara aurten baino %44 gutxiago bideratuko du.

Aldeko hamahiru botorekin, aho batez onartuta gelditu dira 2026ko udal aurrekontuak, behin-behinean. Atzo egin zuten azaroko ohiko udalbatzarra, eta bertan onartu zuten 11.686.152 euroko udal aurrekontua hurrengo urterako, aurten baino 468.000 euro gehiago, alegia, %4,17ko igoera. Bosgarren puntuan landu zuten gaia, eta ohi bezala, Jon Carrera udal idazkariak eman zituen aurreneko azalpenak –datu zehatz guztiak astelehenean jarriko ditu udalak online ikusgai–.

Sarreretan, honako kopuruak zehaztu zituen Carrerak, eta aurtengo aurrekontutik zer igoera izango duten ere zehaztu zuen: zerga zuzenak 1.710.000 euro (+%5,89); zeharkako zergak 70.000 euro (iaz kopuru berbera); tasak eta beste diru sarrerak 2.986.000 euro (+%6,17); transferentzia arruntak 6.452.000 euro (+%9,16); sarrera patrimonialak 325.000 euro (-%43); inbertsio errealen salmentak 140.000 euro (iaz baino 45.000 euro gehiago).

Transferentzia arruntak xehetu zituen: ingurumen arloan 56.000 euro jasoko ditu udalak –iaz ez zen partidarik egon–; Gizarte Zerbitzuetan 213.000 euro (iaz baino 45.000 euro gehiago); hezkuntzan 246.000 euro; kultura, euskara eta gazterian 25.200 euro; eta udalen foru funtsetik 5.859.000 euro (iaz baino 416.000 euro gehiago).

Gastuei dagokienez, 11,6 milioiak honela banatu direla azaldu zuen: pertsonal gastuak 4.495.000 euro (+3.40); gastu, ondasun arruntak eta zerbitzuetan 5.452.000 euro (+5,68); transferentzia arruntak 1.170.000 euro (+%8); kreditu globala 181.000 euro (+%45); eta inbertsio errealak 381.000 euro (-%44).

Arloz arloko azalpenak

Udal idazkariak gai zehatzei buruzko datu batzuk ere eman zituen, kopuruz garrantzitsuenetakoa etxebizitza eta hirigintzara 141.000 euro bideratuko dituztela, batez ere bideak eta lurzoruak konpontzera.

Bozketaren ondoren, EH Bilduko Nagore Rementeria zinegotziak hartu zuen hitza. Hark esan zuen aurrekontu honi esker 2026an gastuak mantenduko direla, eta estrategikoak iruditzen zaizkien proiektu eta zerbitzuekin jarraitzeko aukera egongo dela. Aurrekontuaren igoeraren arrazoia ere azaldu zuen, izan ere, aldundiaren foru funtsetik jaso dituzte 400.000 euro. Horrez gain, "ordenantza fiskaletako igoerak ere lagundu du", eta gaineratu zuen udal kanpineko berrikuntzek aukera eman dietela tarifak eguneratzeko, eta beraz, hortik diru gehiago jasotzea aurreikusten dutela.

Alderdi bereko Iñaxio Alguacil Ogasun zinegotziak partida batzuk azpimarratu nahi izan zituen. Aipatu zuen pertsonal gastuan %3,5eko igoera egongo dela, eta hori, hein batean, lan kontratazio berriak daudelako izan dela, baita soldatak igotzeko ere (%3ko igoera). "Zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea da helburua", gaineratu zuen.

Zerbitzuetan ere igoera egongo da hurrengo urteko aurrekontuetan; %4,7koa, eta larrialdietarako diru laguntzak igo egingo dituzte. "Gizarte Zerbitzuetan, azpimarratu martxan dauden zerbitzu gzutiak mantentzen direla. Zaintzari lotuta, Orio herri zaintzailea izan dadin urratsak ematen segitzeko Matia eta Emaginekin lanean jarraituko dugu, eta horre barruan dagozkion ekintzak garatuko dira", jakinarazi zuen. Irailetik Oriok Berdintasun teknikaria baduela ere aipatu zuen, eta horrek "berrantolaketa" eskatzen duela Saregile emakumeen etxearen kudeaketari dagokionez. Horregatik, laster lizitaziora aterako dute zerbitzu hori, adar guztiak elkarren osagarri izan daitezen. III. Berdintasun Plana egiten ari direla ere esan zuen Alguacilek. Era berean, formakuntza eskainiko da LOPIVI haur eta nerabeen aurkako indarkeriari lotuta, eta herri erreparaziorako bidean urratsak egingo dira.

Ondareari eta zerbitzuei lotutako partidak, berriz, %5,68ko igoera izango du aurtengoarekin alderatuta, besteak beste, kale garbiketa, parke eta lorategien mantenua, hondartzako sorospen zerbitzua eta kirol instalazioen mantenua eta kudeaketa ordaintzeko. Era beran, 2026an TAO zerbitzu berria lizitatu beharko du udalak, eta hemen ere kostuen igoera aurreikusi du.

Etxebizitza arloari dagokionez, esan zuen aurten diagnostikoa egin dela, eta datorren urtean ekintza planari helduko diola udalak.

Kultur arloan, 2026a urte berezia izango dela jakinarazi zuen, "Musika Eskolaren 40. urteurrena eta Balearen 125. urteurrena" elkartuko direlako. Horregatik, jaialdi bat antolatzeko partida jaso dute aurrekontuan. Horrez gain, euskara eta kulturartekotasunaren arloan, udalak harrera plan bat garatuko du. 

Inbertsio nagusiak

Inbertsioei dagokienez, Alguacilek gogorarazi zuen "marjen mugatua" izaten duela udalak, eta datorren urtean 381.479 euro izango dituztela. Proiektu nagusien artean daude frontoi berriaren kokaleku berria erabakitzeko prozesua, hondartza eremua garatzeko proiektua  –herritarren aurrean azaroan aurkeztu zuen udalak–, Andramari eta Ikastola aurreko plazoletako proiektua, Goiko Kaleko irisgarritasuna hobetzeko bigarren azterketa, eta Muntoko etxeetan udalak jaso duen lokala egokitzea.

Beste partida batzuk irekita utzi dituzte kopuru sinboliko batekin, egin nahi diren proiektuak urtean zehar exekutatu gabe gelditzen diren partidetatik kudeatzeko, edo lortzen diren laguntzen bidez egiteko. Konpromiso nagusiak zein diren esan zuen: herritarren segurtaun eta mugikortasuna bermatzeko ekintzak; herrian egoera kaskarrean dauden lurzoru zatiak konpontzea; herriko parkeetan berregokitzapenak egitea; zabor edukiontzien inguruan erabakiak hartzea... Azken horri buruz esan zuen azterketa egin dela eta laster herritarrekin partekatuko dela. Dikeko etxebizitzen inguruan ere partida irekita utzi dute.

Oposizioaren iritzia

Noemi Ostolaza EAJren bozeramaileak azaldu zuen aurrekontuen inguruko negoziazioa EH Bilduren udal gobernuarekin "erraza" izan dela "aurten ere", eta horregatik eman zutela atzo aldeko botoa. "Entzunak izan gara, gure proposamenak kontuan hartu dira, eta hori balioan jarri nahi genuke", esan zuen.

Oposizioak aurten egindako lana azaldu zuen, baita beraientzat garrantzitsuak diren proiektuak aipatu ere: "Batez ere zentratu gara aurreko bi urteetan egindako proiektuei jarraipena egiten. Ari dira aurrera egiten proiektu horiek: adikzioen ingurukoa, berdintasunaren arloan, zaintzan... Oraindik falta da bakardadeari aurre egiteko estrategia, eta horri adi egongo gara, badakigun arren pausoak ematen ari direla", esan zuen. "Goiko Kaleko irisgarritasuna ere inportantea zen guretzat, eta hor ere eman dira pausoak".

Hobetzeko gauza bat ikusi dute, hala ere: "Baina bat dago: parke estaliarena. 11.000 euro jaso dira partidan, baina horrekin ez da egiten parke estali bat. Uste dut aurten jada emergentziazko gaia dela, frontoirik ez delako egongo haurrak babesean egoteko. Ikusi dugu altxortegitik atera daitekeela dirua halako obrak egiteko, eta aurten pauso sendoa eman behar dugula uste dugu". Anuska Esnal alkateak erantzun zion udalak urtero sartu izan duela aurrekontuetan partida irekia herriko parke bat estaltzeko, baina oraindik ez dutela aurkitu benetan funtzio hori beteko duen sistemarik herriko parkeentzat. "Ez da borondate falta", nabarmendu zuen.

Bestetik, Esnal ere pozik agertu zen aurrkeontuak aho batez onartu dituztelako: "Aho batez onartu ditugu aurrekontuak, eta pozik eta eskertuta nago. Pozik, sinisten dudalako oso onak eta estrategikoak diren aurrekontuak onartu ditugula, eta oso eskertuta, jende askoren lana dagoelako atzean, hasi udal langileetatik eta hemen gauden guztiotara arte. Eskerrik asko denoi".

Alkateak ideia bat nabarmendu nahi izan zuen udalbatzarra amaitzeko: "Udalak arduraz eta anbizioz osatu ditu aurtengo aurrekontuak; arduraz, oreka ekonomikoa bermatzeko, baina baita anbizioz ere, etorkizuneko erronkei behar bezala heldu ahal izateko. Gure kudeaketak ekarriko baitu etorkizuneko Orioren eraldaketa", esan zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide