San Nikolas jaiak 2025

Txosna Batzordea, festa eredugarri baten alde lanean

Kris Fernandez 2025eko abenduaren 2a

Orioko txosnak, iazko sanikolasetan.

Gaztetxeak, Pakak eta Orioko Sarek osatzen dute Txosna Batzordea, eta abenduaren 7ko herri bazkaria prestatzeko ardura hartu du taldeak. Boluntario lana izango dela aurreratu dute eta, beraz, ez dute dirurik jasoko. San Nikolas jaien inguruko gehigarri bereziko edukia da honako hau.

Orioko txosnagunea Herriko Plazan kokatzen dute festetan, eta espazio oso mugatua izanik –txosna bat edo bi soilik sartzen dira–, azken urteetan udalak Txosna Batzordearen esku utzi du haren kudeaketa. Txosna Batzordea Gaztetxeak, Pakak eta Orioko Sarek osatzen dute, eta txosnagunean lortzen duten dirua beraientzat izaten da. Gainera, jaiak herritik eta herriarentzat direla sinesten dute, eta ardatz horri jarraituz, Festa Batzordean ere parte hartzen dute Txosna Batzordekoek. Aurten, berrikuntza batzuk dituzte oriotarrentzat.

Lehendabiziko berrikuntza herri bazkariarekin lotutakoa izango da; izan ere, bazkaria prestatzeko ardura hartu du taldeak. "Bertakoaren aldeko apustua egin nahi dugu, eta herri bazkarirako catering zerbitzu bat ekartzea baino, nahiago izan dugu gure gain hartu lana. Baina garbi utzi dugu boluntario lana dela gurea, eta beraz, ez dugula dirurik jasoko. Duela urte batzuk San Nikolas festetako herri bazkaria hainbat eragileren esku egoten zen, baina aurten, gure artean hitz egin ondoren, motibatuta geundela ohartu ginen eta ardura geure gain hartzea erabaki genuen", agertu du Txosna Batzordeko kide Idoi Berasaluzek.

Abenduaren 7ko 14:30ean, beraz, babarrun jana eskainiko dute Karela kiroldegian izango den herri bazkarian. Duela urte batzuetako ideiara bueltatzeko asmoz, bertako produktuak eta elikagai beganoak prestatuko dituztela aurreratu dute kideek, garaiko produktuari ere bere lekua eskainiz.

Sukaldea izango da txosnetan, eta bertan afaltzeko aukera eskainiko dute egunero

Ez da babarrunak prestatuko dituzten lehen aldia, garai batean ere babarrunak izaten baitziren herri bazkarian. Txosna Batzordeko Egoitz Eizagirreren amaren laguntza izaten zuten orduan, eta garai bateko "ikasketa" horiek gogoan, aurtengoa errazagoa egingo zaiela aitortu dute.

Hori bai, bazkarirako izena ematen dutenek ere lan pixka bat egin beharko dute: "Talde bakoitzak bere arduraduna edo arduradunak izango ditu, eta horiek izango dira goizean mahaia prestatu eta bazkarian zehar jatekoa eta edaria banatu beharko dituztenak. Herria lanean jartzeko modu bat da hori. Bi dira helburuak: batetik, gure lana errazagoa izatea, eta bestetik, ez dugu nahi herritarrak etorri, eseri eta jatea. Hori egiteko, hobe dute jatetxe batera joatea. Berriro diogu: borondatezko lana izango da gurea, eta ez dugu catering enpresa batek ematen duen zerbitzua eskainiko".

Edalontzien arazoa

Bigarren berrikuntza txosnetako edalontziena izango da. Azken urteetan izan duten arazoari itzulia eman nahi diote. "Izan ere, Orion, dirudienez, ez gara gai edalontziak berrerabiltzeko, eta urtero-urtero plastikozko 2.000 edalontzi berrerabilgarri erosi arren, plazako lurrean amaitzen dute". Aurten beste saiakera bat egingo dutela iragarri dute: ez dute edalontzia kobratuko eta tragoaren trukean emango dute edalontzia, baina bi aukera eskainiko dizkiote erabiltzaileari; batetik, txosnan bertan uztea, eta, bestetik, zakarrontzi berezi batzuk jarriko dituzte plazan, edalontziak bertara bota ahal izateko. "Saskibaloiko saskien itxura izango dute, altueran egongo dira, eta herritarrek jolasteko aukera izango dute. Ea horrela plaza plastikoz beteta uztea saihesten dugun denon artean. Herriak eta ingurugiroak merezi dute".

Txosnagunean ere izango da bestelako berrikuntzarik. Azken urteetan bezala, sukaldea izango dute txosnetan, eta bertan afaltzeko aukera eskainiko dute egunero. Astelehenean, aldiz, bazkaria ere bertan egiteko aukera izango dute herritarrek: ahuntz saltsa, ardiki axoa, etxeko kroketak, patatak bi saltsarekin eta solomo eta saltxitxa ogitartekoak izango dira. Gainera, bertakoa lehenetsiz, txosnetan eskainiko duten jateko guztia herrian bertan erosi dutela aurreratu dute, eta edarien artean, berriz, Euskola freskagarria eta Zarauzko bermuta izango dituzte.

Abenduaren 8an haurrentzako lantegiak izango dira plazan, 11:00etan hasita

Haurrei zuzendutako ekitaldiak ere antolatu ditu Txosna Batzordeak. Abenduaren 8an haurrentzako lantegiak izango dira plazan, 11:00etan, eta bertan, igelaz eta tokaz gain, Euskal Herriko jostailuen inguruko jolasak izango dira.

Ateak zabalik

Txosna Batzordeak festa eredugarri baten alde lanean jarraitzeko apustua egin duela garbi ikusi ahalko da aurtengo festetan. Beharrezkoa duten babes ekonomikoaz gain, Gaztetxeak, Pakak eta Orioko Sarek benetan sinesten dute "badela beste festa eredu bat, beste lan egiteko modu bat". Arrakasta hitzaren esanahiari itzulia eman nahi diote: "Guretzat, kalitatea garrantzitsuagoa da kantitatea edo kopurua baino. Horregatik aldatu nahi dugu ikuspegia: jakiak nondik datozen zaindu, hondakinen kudeaketaz arduratu, jaia herritik eta herriarentzat izan dadila... Hiru eragileok benetan sinesten dugu horretan, eta edozein herritarrek gure ikuspuntuarekin bat egiten badu, ongietorria izango da taldera".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide