San Nikolas jaiak 2025

"Mezua garbia da: zaindu plaza, zaindu laguna eta txintxo ibili"

Kris Fernandez 2025eko abenduaren 1a

Leire Iturralde eta Eneko Eizagirre.

San Nikolas festak antolatzeko batzordearen bileretan parte hartu dute Leire Iturraldek eta Eneko Eizagirrek, eta aurtengo jaiez eta egitarauaz hitz egin dute. San Nikolas jaien inguruko gehigarri bereziko edukia da honako hau.

Ate joka dira San Nikolas festak. Dena prest al duzue?

Eneko Eizagirre: Bai, dena prest dago. Hala ere, oraindik badago zer eginik, festa egunetan ezin baita geldirik egon.

Leire Iturralde: Guztia lotuta eta prest daukagu, eta gogotsu gaude dagoeneko. Arrakasta handiko ekintzak izan ohi dira urtero, besteak beste, herri bazkaria, kontzertuak edota Pello eta Nikolasa erraldoien kalejirak.

Aurten ere izango al dira egitarauaren barruan?

L.I.: Arrakasta duen guztia errepikatzen da egitarauan. Antolaketa lanetan aritzen den jendea ere gogotsu egon ohi da horrelako ekintzak berriro egitarauan txertatzeko. Ezin da ukatu Pello eta Nikolasa erraldoien kalejirek jendetza mugitzen dutela, eta, beraz, erraldoien kalejirak ezin dira kendu. Aurten, gainera, aurrera dezakegu aldaketekin datozela Pello eta Nikolasa. Azkenean, funtzionatzen duten formulak dira, eta beti erabili beharrekoak.

Horrelako ekintza jendetsuak izanda, beldurrik ematen al du aldaketak proposatzeak?

E.E.: Gauza edo ekitaldi berriak antolatzeak, noski, beldurra ematen duela, ez baitakizu zenbat pertsona azalduko diren ekintza berrira, ondo antolatuko al duzun... Baina, tira, urteetan antolakuntza taldean izan garenez, badakigu zerk funtziona dezakeen eta zerk ez.

L.I.: Gainera, zerbait ondo egiten badugu, festen ondorengo balorazioa da: zer egin dugun, nola joan den... Horrez gain, herritarrek proposamenak egiten dituzte, eta horrek asko laguntzen du. Urtero saiatzen gara festak eta ekitaldiak birformulatzen, eta horren seinale da, adibidez, aurten Pello eta Nikolasa txistua eta trikitia tartekatuz joango direla. Desberdintasun txiki horrekin, jende gehiagorengana iristeko asmoa dugu.

Zer nabarmenduko zenukete aurtengo egitarautik?

L.I.: Urteroko egitaraua dela esango nuke, eta lau egunez ekitaldi ugari izango direla. Beti egongo da zerbait, berdin du goiza, arratsaldea edo gaua izan.

E.E.: Aurten zerbait nabarmentzekotan, agian eszenatoki gainean gazte ugari izango direla aipatuko nuke.

Dena prest izanik, ba al da kezkatzen zaituzten zerbait?

L.I. : Biok Txosna Batzordeko kide izanik, herri bazkariak kezkatzen gaituela esango nuke, bazkaria prestatzeko ardura hartu zuelako taldeak. Beldur pixka bat eragiten dit horrek. Azken urteetako festak ikusirik, ordea, dena ondo irten dadila nahi dugu, lasai eta ondo igaro ditzagula egun guztiak.

Herriko festarik maitatuenak dira sanikolasak. Baina zer lan du antolaketak?

E.E.: Festa Batzordea udalak deitzen duen taldea da, eta herriko hainbat eragilek eta norbanakok osatzen dute. Ekaineko San Pedro festak uztailean ixten ditugu, abuztuan oporrak egiten ditugu behar dugulako, eta ondoren hasten gara sanikolasekin. Batzordean eragile edo talde desberdinen arteko koordinazioaz hitz egiten dugu, eta, gero, bakoitzak bere zeregin zehatza izaten du. Batzordetik kanpo ere badugu komunikazioa eragileen artean, eta udalarekin bilerak ere egiten ditugu. Ondo antolatuta izaten dugu, beraz, dena.

Festa Batzordeak aurtengo festen txupinazoan parte hartuko du.

L.I.: Orion sekula asmatu ez dugun formula da txupinazoarena. Kuriosoa da, baina gure herrian ez du garrantzi berezirik. Formula asko probatu izan dira; 2023. urtean, adibidez, sanpedroetan Pakak taldeak bota zuen txupinazoa. Asko kostatu zen, baina oso polita izan zen. Oraingoan kasualitatez iritsi zaigu proposamena eta baiezkoa eman dugu, baina horrek ez du esanahi berezirik.

E.E.: Pentsatu izan dugu txupinazoa orduz aldatzea, baina egunean zehar herritarrak lanean izaten dira, gauean adinekoak eta umeak goiz joaten dira lotara... Oraindik ondo lantzeko gaia da txupinazoarena.

Herritarrentzat mezurik?

L.I.: Txosnetan urtero izaten dugun borrokaren harira, norbanako bakoitzak ekar dezala edalontzia, eta, ondoren, etxera eraman dezala. Herria zaindu behar dugu, eta ekintza txiki horrek lagun dezake. Plazak plastikoz beteta amaitzen du, eta horrek ezin du horrela izan. Mezua garbia da: zaindu plaza, zaindu laguna eta txintxo ibili.

Behin festak amaitutakoan, ospatzen al duzue dena ondo atera izana?

L.I.: Urte guztia igarotzen dugu sanikolasak ospatzeko zain, eta bazkari bat egitearen ideia beti irteten den arren, ez da inoiz iristen...

E.E.: Azken eguna jasotzeko eta garbitzeko gordetzen dugu, eta hori ere, egun ederra izaten da. Aprobetxatzen dugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide