Egitarau zabala prestatu dute Orioko Udalak eta Festa Batzordeak San Nikolas jaietarako

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 28a

Herritar batzuk sanikolasetako herri bazkarian sagardoa txotxetik hartzen. (Guka)

Abenduaren 5etik 8ra ospatuko dituzte sanikolasak, eta udala gaur hasi da jaietako programa etxez etxe banatzen. Berrikuntzen artean dago azken egunean herritar talde batek antolatu duen kantujira saioa, "euskal nortasuna indartzeko" asmoz.

Gertu-gertu dira sanikolasak, oriotarrentzat urteko festarik kutunenak. Ohi bezala, abenduaren 5ean hasi eta abenduaren 8ra arte jai giroa izango da nagusi herrian, eta urtero bezala, egitarau zabala prestatu dute Orioko Udalak eta Festa Batzordeak elkarlanea. Programa osoa gaur jasoko dute oriotarrek beren etxeetan.

Askotariko ekintzak aurkituko dituzte herritarren bertan, tartean baita berrikuntza bat edo beste ere. Esaterako, azken egunean herritar talde batek antolatu duen kantujira saioa, "euskal nortasuna indartzeko" asmoz.

Horrez gain, "Festa Batzordearen ekimenez", aurten San Nikolas festetako zapia prestatu du udalak. "Herri bazkarian izena eman duten herritarrek zuzenean jaso dute zapia, Turismo Bulegoan. Eta gainerako herritarrentzat, salgai izango da gaurtik aurrera Turismo Bulegoan", esan du udalak.

Hau da sanikolasetako egitarau osoa:

Abenduak 5, ostirala, San Nikolas bezpera

  • 10:30. Jubilatuen hamaiketakoa, Zaharren Babeslekuan.
  • 18:30. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta Danbolin musika eta dantza eskolako txistulariekin.
  • 19:00. Ondoezik elektrotxaranga. Ibilbidea: Herriko Plaza, Endaia plaza, Aritzaga kalea eta Herriko Plaza.
  • 20:00. Festen hasierako txupinazoa eta txosnen irekiera.
  • 20:00. Ondoezik elektrotxaranga, plazatik Ibai Ondora.
  • 20:15. Laprast taldearekin erromeria, plazan.
  • 23:00. Erromeria Laprast taldearekin eta Santa DJa, Heriko Plazan.

Abenduak 6, larunbata, San Nikolas eguna

  • 09:00. 3x3 saskibaloi festa, Karelan, LH 3-DBH 4 artekoentzat.
  • 11:00. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeentzat jolasak, ikastolako pergolan.
  • 11:00. Meza nagusia elizan, Salatxo abesbatzak kantatuta.
  • 12:30. Dantzari helduen dantza sueltoko txapelketa, Herriko Plazan.
  • 17:00. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta Danbolin musika eta dantza eskolako trikitilariekin. Herriko Plazatik abiatuta.
  • 18:00. Danbolin musika eta dantza eskolako bandaren kontzertua, Herriko Plazan.
  • 19:00. Patata tortilla lehiaketa LH 6-DBH 4 arteko gaztetxoentzat, ikastolako pergolan.
  • 20:00. Punttu Kakotx elektrotxaranga, kalez kale, Herriko Plazatik hasita.
  • 22:00. Bertso saioa Karelan. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Bizkarra, Nerea Elustondo eta Xabat Illarregi.
  • 23:00. Kontzertuak: Ganibet, Aimarzz, Makeda DJa eta Denz DJa. Herriko Plazan.

Abenduak 7, igandea, San Nikolas bigarrena

  • 11:00. Gora bihotzak umeentzat ikuskizuna, Herriko Plazan.
  • 12:30. Kantu Saldarekin, poteo musikatua kalez kale.
  • 14:30. Herri bazkaria, Karelan.
  • 18:00. Orioko txaranga, Karelan.
  • 19:00. Kalejira Pello eta Nikolasa erraldoiekin, buruhandiekin eta herriko txarangarekin, kalez kale.
  • 22:00. Kontzertuak: Zinez, Marte Lasarte, Bad Sound System, Troti DJa eta La Fulana DJa. Herriko Plazan.

Abenduak 8, astelehena, San Nikolas hirugarrena

  • 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa-ko eskaileretan.
  • 11:00. Haurrentzat Euskal Herriko jostailuen inguruko lantegia eta jokoak, Herriko Plazan.
  • 12:00. Kantujira herritar talde batek antolatuta, kalez kale.
  • 13:00. Orio Arraunketa Elkartearen banderen bedeinkapena elizan, eta ondoren, bazkaria.
  • 13:00. Gure Sukaldetik-en eskutik bazkaria, txosnetan.
  • 16:00. Herri kirol parte hartzaileak haurrentzat eta gazteentzat, Herriko Plazan.
  • 17:00. Herri kirolak, Joseba Ostolaza harri eskolaren eskutik, Heriko Plazan.
  • 17:00. Erraldoi eta buruhandi eta trikitilariekin kalejira kalez kale.
  • 18:00. Talo jana, Herriko Plazan.
  • 19:30. Muxutruk erromeria taldearen kontzertua, Herriko Plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide