Danbolin Musika eta Dantza Eskolakoek emanaldi beroa eskaini dute Arraunetxen hotzari aurre eginez

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 21a

Herriko Plazan egitekoak ziren atzo Santa Zezilia egunaren harirako emanaldia, baina eguraldi txarra tarteko, aterpea bilatu zuten, eta ikasleen senitartekoek ederki gozatu zuten ikuskizunaz.

Danbolin Musika eta Dantza Eskolako kideentzat egun berezia izaten da Santa Zezilia eguna, urteko emanaldi garrantzitsuenetakoa eskaintzen baitute egun horren bueltan. Herriko Plazan izan ohi da hitzordua, baina eguraldi txarra tarteko, atzo arratsaldeko emanaldia Arraunetxen izango zela jakinarazi zuten, eta aterpearen babesean, saio ederra eskaini zuten hainbat adinetako dantzari eta musikariek.

Goizean eskolako ikasle helduek adinekoen eguneko zentroan eskaini zuten emanaldia, eta gaur, ostirala, Santa Zezilia bezper, herriko txaranga eta erraldoiak aterako dira kalera, haiek ere Santa Zezilia eguna ospatzera. Kultur Etxean hasiko dute ibilbidea 19:30 aldera, baina eguraldiak laguntzen ez badu, zuzenean Herriko Plazan eskainiko dute dantza eta musika saioa. Azkenik, igandean 13:30ean Salatxo abesbatza entzuteko aukera izango dute herritarrek, Bariko San Nikolas parrokian.

(Argazkiak: Maria Maya Manterola)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide