Aho batez onartuta gelditu da Orioko baratze parkea adjudikatzeko eta kudeatzeko udal araudi erregulatzailea

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 31a, 14:00

Urriko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo iluntzean udaletxeko bilkura aretoan. Lau herritarrek Palestinaz aurkeztutako hamahiru puntuko mozioa ere aho batez onartu zuten.

Urriko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo iluntzean udaletxeko bilkura aretoan, eta aho batez onartu zuten Orioko baratze parkea adjudikatzeko eta kudeatzeko udal araudi erregulatzailea, baita lau herritarrek Palestinaz aurkeztutako mozioa ere.

Sei puntu zituen bilkurak, horietako batzuk ohiko tramite kontuak eta jakinarazpenak. Hirugarren puntua izan zen bozkatutako lehena, eta aho batez onartu zuten hamahiru zinegotziek, eranskina onartzea, etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Orioko Udalaren arteko hitzarmena luzatzekoa.

Udal baratzeentzat araudi berritua

Laugarren puntuan, lehen onarpena eman zioten Orioko baratze parkea adjudikatzeko eta kudeatzeko udal araudi erregulatzaileari. Aho batez onartu zuten hori ere. Bozketaren aurretik, Olatz Santamaria Hirigintza zinegotziak azaldu zuen orain dela lau urte jarri zutela martxan egitasmo hau, eta balorazioa egin ondoren "udal barruan, teknikariekin, erabiltzaileekin zein beste herri batzuetako esperientziak jasota", araudia "orraztea" erabaki zutela. "Oinarria bera" dela esan zuen, baina berrikuntzak daudela, eta horiez aritu zen. "Arau hausteak zorrozteko beharra ikusten genuen, eta arau haustea errepikatzen bazen, erabiltzaileari lizentzia kentzekoa. Helburua da utzita edo erabili gabe egoten diren partzela horiek ahalik eta azkarren esleitzea erabiltzaile berriei".

Jon Carrera udal idazkariak ere eman zituen azalpenak. Esan zuen Orioko Udalak zenbait udal lursail herritarren eskura jarriko dituela "aisialdirako baratze modura erabiltzeko". Udalak, modu horretan, "aisialdi aktiborako eta inklusiborako topagune bat sustatuko du, giza talde desberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak nahiz belaunaldien arteko trukea bultzatzeko eta, aldi berean, nekazaritza ekologikoari bultzada emateko", gaineratu zuen.

Baratze horietatik ateratako produktuak saltzea debekatuta egongo dela azaldu zuen, eta norberak kontsumitzeko eta soilik etxeko erabilerarako diren produktuak bakarrik landatu ahalko direla. "40 metro koadroko partzelak direla kontuan hartuta, harrigarria litzateke, esaterako, partzela batean produktu mota bakarra ekoiztea", esan zuen Santamariak. "Horregatik, araudian txertatu da gutxienez partzela bakoitzean hiru barazki edo fruta mota landatu beharko direla".

Araudiari buruz, Carrerak esan zuen aplikazio eremuak Orioko baratze parkearen barnean sarturik dauden lursail guztiak hartuko dituela. Baita lursailaren esleipenak urtebeteko aldirako adjudikatuko direla, eta gehienez, lau urtera arte luzatu ahal izango direla ere.

Udalbatzak lehen onarpena eman eta jendaurrean egongo da 30 laneguneko epean behin iragarkia GAOn argitaratu eta hurrengo lanegunetik kontatzen hasita. Erreklamaziorik ez balego, behin betiko onartuta geldituko litzateke araudia. Ondoren, udalak berriz zabalduko luke baratzeak epe baerako hartzeko izen-emate epea herritarrentzat.

Palestinaren aldeko mozioa eta taldea

Azkenik, Palestinaren inguruko mozio bat bozkatu zuten udalbatzarreko zinegotziek; zehazki, Ainara Peña Illarramendik eta beste hiru herritarrek aurkeztutako testua. Udalbatzak aho batez onartu zuen azken puntu hori ere.

Mozioak dio, besteak beste, "su-etenak itxaropen apur bat ireki duen arren genozidioari amaiera emateko", era berean, "ukaezina" dela palestinar herria "oso urrun" dagoela "benetako bake eszenatoki batetik".

"Gainera, Israel oraindik erasoak eta hildakoak eragiten ari da", dio testuak. "Palestinar herriaren existentziak eta autodeterminazio eskubideak aitortu gabe, arazoaren sustraia osatzen duten okupazioari eta apartheid sistemari amaiera eman gabe, eta genozidioaren egileei nazioarteko zuzenbidea aplikatu gabe, ezin da bakeaz hitz egin".

Hala, hamahiru puntuko adierazpena onartzea eskatzen zioten Orioko Udalari: aurrena, babes eta elkartasun osoa erakustea Palestinako herriari; bigarrenik, Gazako herriari blokeoa kentzea eta laguntza humanitarioa sartzen uztea; hirugarrenik, Israel AEBtako gobernuaren babesarekin Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea; laugarrenik, Palestinako Zisjordania lurraldearen etengabeko kolonializazioa eta horrek palestinarren bizi baldintzetan eragiten dituen ondorio larriak salatzea; bosgarrenik, Gazako genozidioaren berehalako amaiera ematea eta Palestinaren okupazio nahiz kolonizazioari amaiera emango dion irtenbide integrala aldarrikatzea palestinar herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz; seigarrenik, Israelek bere apartheid politikoaekin, legez kanpokoekin, koloniekin, eta sarraskiekin jarraitzen duen bitartean, administrazio eskala guztietan harremanak etetea bultzatzea, diplomatikoak eta lehentasunezko elkarte komertzial eta militarrak barne; zazpigarrenik, Europako Batasunaren eta Israelgo estatuaren arteko elkartze hitzarmena bere osotasunean eten dezatela eskatzea; zortzigarrenik, su eten berehalakoa eta iraunkorra ezartzea nazioarteak gainbegiratuta Gazako herrian; bederatzigarrenik, palestinarren bizitza normala ahalbidetzen duten zerbitzu eta eskubide zibil eta laboralak berrezartzea; hamargarrenik, Israelekin armen eta baliabide militarren salerosketak etetea, biztanleria zibilaren kontra ez erabiltzeko; hamaikagarren, Israel isolatzea, hau da, maila diplomatiko, komertzial, kultural eta kirol mailan; hamabigarren, preso dauden pertsonen eta errefuxiatu guztien itzulera eskatzea; eta, azkenik, Israeli dagozkien Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak zorrotz bete daitezala eskatzea, baita nazioarteko komunitatearen aldetik palestinar estatuaren aintzatespena ere. 

Bozketari ekin aurretik, Lohitzune Solabarrieta zinegotziak hartu zuen hitza EH Bilduren udal taldearen izenean, eta beren "elkartasun eta babes osoa" eskaini nahi izan zieten palestinar herriari "azken hamarkada luzeetan Israelgo estatuaren partetik jasaten ari den genozidio gordin, bortitz eta publikoaren aurrean". Esan zuen beraiei ere su etenak itxaropena eragin ziela, baina oraindik "kezkatuta" jarraitzen dutela, eta "eskerrak" eman nahi izan zizkieten herrian "taldea sortu eta astez aste, Palestinaren kontrako genozidioa plazaratzeagatik" lanean ari diren herritarrei, eta muxu eta besarkadak Oriotik, "palestinar bakoitzari".

Bozketaren ondoren, Noemi Ostolazak ere egin zituen adierazpenak EAJren udal taldearen izenean. Esan zuen "jasangaitza" dela Gazan eta Palestinan gertatzen ari dena. "Hemendik urte batzuetara atzera begiratuko dugu, eta guk argi daukagu Historiaren zer aldetan eta non kokatu nahi dugun gure burua: giza eskubideen defentsan eta bakegintzaren aldeko aldarrikapenean". 

Azkenik, udalbatzar aretoan zeuden herritarren arteko batek hartu zuen hitza, adieraziz Palestinaren aldeko taldea sortu dutela herrian, eta atzo bertan egin zutela aurreneko bilera. Aurreneko ekintza diru bilketa bat izango dela jakinarazi zuten, "ondo herrira etorri den palestinar familia bati laguntzeko". Abenduan aste solidario bat egiteko asmoa dutela jakinarazi zuten, eta aurreratu zuten oso ondo etorriko zaiela "udalaren laguntza ere".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide