Oriaren 32. Traineru Jaitsierak badu data

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 28a, 09:23

Hainbat ontzi errioan iazko traineru jaitsieran. (Onintza Lete Arrieta)

Martxoaren 7an, larunbatarekin, ospatuko da neguko arraun hitzordu garrantzitsuenetakoa. Orio Arraunketa Elkarteak antolatzen du, eta ohi bezala, ontziek Mapilen eta Saikolan izango dute irteera, eta herrigunean, helmuga.

Orio Arraunketa Elkarteak jakinarazi du Oriaren 32. Traineru Jaitsieraren data: martxoaren 7an jokatuko da, larunbatarekin. Iaz bezala, aurten ere arratsaldean izango da hitzordua, 16:30etik 18:30era, eta ontziek ohiko distantziak egin beharko dituzte errioan: gizonezko seniorrek 6.000 metroko distantzia Mapiletik (Aginaga) irtenda Orioko zubi ingururaino, eta senior emakumezkoek eta gainerako kategoriek, berriz, 4.000 metroko distantzia, Saikolatik abiatuta, horiek ere herriko zubi ingururaino.

Iaz 77 ontzik parte hartu zuten lehian, eta seniorrei dagokienez, etxean gelditu zen gizonezkoen bandera, eta emakumezkoena, berriz, zazpi segundogatik ez zuten lortu oriotarrek; Arraun Lagunak taldeak eraman zuen saria. Hemen ikus daitezke iazko jaitsieraren kronika eta argazki bilduma.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide