Hirutik hiru garaipen Zuhegan Oriorentzat

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 27a, 09:36

Zuhegan Orio taldea, aurreneko jardunaldian, Karelan, zarauztarren kontrako partidan. (Onintza Lete Arrieta)

Etxean aise gailendu dira Irauli Bosteko talde donostiarraren kontra, 34-18 emaitzarekin. Sailkapenean bigarren da, eta hurrengo jardunaldia azaroaren 9an jokatuko dute, Bizkai aldean.

Euskal Ligari dotore ekin dio Orio Eragin eskubaloi klubeko seniorren taldeak, Zuhegan Oriok: hiru partidatatik hirurak irabazi ditu, azkena asteburu honetan etxean, Karela kiroldegian. Markagailuari erreparatuta, gainera, aise nagusitu dira oriotarrak Irauli Bosteko talde donostiarraren kontra, 34-18 emaitzarekin.

Joan den astean estuago bukatu zen partida, 23-25 irabazi baitzioten Berango-Urduliz talde bizkaitarrari. Partida hura positiboki baloratu zuen Ander Agote entrenatzaileak: "Partida oso serioa egin dugu, kontzentrazio handikoa. Urduliz Berango urte amaieran sailkapenaren goialdean egongo dela argi daukagu, aurten jaitsi baita goiko mailatik eta kopan ikusi dugulako beraien potentziala nolakoa den; izan ere, finalera sailkatu ziren. Horregatik, emaitzak ilusioa egin zigun, seinale ona delako", esan zuen.

Hala ere, taldeak argi dauka lanean jarraitu behar duela: "Gure bidea eta ideia ez dira aldatzen. Lanean jarraitu behar dugu gure maila hobetzen saiatzeko, horretarako margen asko dugula ikusten dugulako. Liga oso parekoa izango dela badakigu, eta gure nahia da partida guztietan konpetitu eta aurkariari gauzak zail jartzea".

Zuhegan Orio etxean estreinatu zen Euskal Ligan, Ameztoi Zarautzen aurka; 31-27 gailendu ziren oriotarrak orduan.

Sailkapenean bigarren

Hiru garaipen erdietsita, sailkapenean bigarren dira oriotarrak sei punturekin, Ereintza Bitek taldearekin berdinduta. Malape Taberna taldea da hirugarren, hori ere sei punturekin.

Laugarren jardunaldia bi aste barru izango dute, azaroaren 9an, Urdaibai Bilboats taldearen etxean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide