Orio Eragin garaipenarekin estreinatu da Euskal Ligan

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 12a, 08:45

Ameztoi Zarautzi 31-27 irabazi zion atzo Karela kiroldegian jokatutako partidan, eta entrenatzaileak uste du gakoa izan zela ez etsitzea gauzak ondo ateratzen ari ez zirenean.

Orio Eraginek etxean jokatu du Euskal Ligako bere aurreneko partida, eta garaipenarekin estreinatu da maila horretan. Gainera, Zarautz izan du aurkari; partida berezia izan da, beraz. 

Hitzordua atzo izan zen, 13:00etan, Karela kiroldegian, eta harmailak bete ez baziren ere, ikusleen animorik ez zuten falta izan etxekoek. 

Lehiakor aritu ziren bi taldeak, eta zarauztarrak gutxigatik baina aurrez iritsi ziren atsedenaldira. Ordea, bigarren zatian buelta eman zioten egoerari oriotarrek, eta  31-27 emaitzarekin irabazi zuten partida.

Ander Agote entrenatzaileak partidaren balorazioa egin zion atzo Gukari, eta azaldu zuen bere taldea ez zela eroso sentitu partida osoan zehar, eta beraz, ez zutela partidaz gozatu. Baina taldeari alde onak ere ikusi zizkion, eta azaldu du hortik etorri zela garaipena eta aurrera begira balioko duela: "Sentsazioak onak ziren, baina ez genuen asmatzen. Uste dut presio puntu batekin gaundela denok. Inportantea izan da, ordea, gauzak atera ez arren ez garela erori, ez dugula etsi, eta bukaeran markagailuari buelta ematea lortu dugula. Uste dut oso ondo etorriko zaigula garaipen hau".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide