Herritarrek goraino bete zuten atzo iluntzean Kultur Etxeko aretoa, izan ere, jende ugari batu zuen Talaimendi Mendi Elkarteak, Orioko Udalarekin elkarlanean antolatutako Zazpi. Kontakizun bat, tontorrez tontor eta Eutsi Malen dokumentalen proiekzioak. Bertan izango ziren, gainera, Mikel Lizarralde eta Malen Osa mendi lasterkari eta ikus-entzunezkoen protagonistak.
Lehenengo proiekzioa Zazpi. Kontakizun bat, tontorrez tontor film laburrarena izan zen. Mikel Lizarralde mendi lasterkaria da proiektuaren sortzailea, eta ikus-entzunezkoaren bitartez, esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik bizitzari zukua nola ateratzen dion erakutsi nahi izan du. Bigarren dokumentalari dagokionez, Malen Osa mendi lasterkaria du protagonista. Golden Trail World Series lasterketan, lehenengo bost sailkatuen artean egotea lortu duen atleta gazteena da oñatiarra.
Proiekzioaren ondoren, Unai Ugartemendiak solasaldia bideratu zuen protagonistekin, ikus-entzunezkoen nondik norakoak eztabaidatzeko, eta antolakuntzatik kontatu dutenez, erantzun "oso positiboa" izan du hitzorduak.
Argazkiak: utzitakoak.