Mikel Lizarralde: "Proiektuaren helburua da esklerosi anizkoitza diagnostikatzen diotenek nik sentitu nuen beldurra ez sentitzea"

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 14a, 13:42

Mikel Lizarralde mendian.

Etzi Orion eta igandean Getarian izango da Mikel Lizarralde (Eibar, 1980) Zazpi filma proiektatzen eta hari buruz solasean. 2024ko Mendi Film Jaialdian euskarazko lan onenaren saria eskuratu zuen mendi bidaia baten bitartez bere istorioa kontatzen duen dokumentalarekin. Orioko emanaldirako gonbidapenak nahiz Getariako saiorakoak eskuragarri daude.

Zazpi izeneko ikus-entzunezkoaren atzean istorio ezin pertsonalagoa dago.

Bai. 2018an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zidaten, eta kolpe handia izan zen, baina pixkanaka-pixkanaka, ingurukoen laguntzarekin eta babesarekin, egoerari buelta ematen hasi nintzen. Momentu batean, beste pertsona batzuek bizitzako kolpeei nola egiten zieten aurre jakin nahi izan nuen –berdin zion zer motatakoa zen kolpea–, eta hala, hamabi elkarrizketa egin nituen. Oso aberasgarria izan zen proiektua, baina jendeak esaten zidan neurea ere kontatu egin beharko nuela. Nik, ordea, ez nuen ikusten neure burua kamera baten aurrean jarri geldirik eta kristoren rolloa botatzen. Hortaz, bidaia bat asmatu nuen aitzakia bezala.

Dokumentalean ikusten dena, alegia.

Hori da. Bidaia Gorbeia azpian hasi genuen, Aldamin, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako tontor garaienak lotu genituen; Hiru Erregeen Mahaian amaitu genuen bidaia. Niretzat diagnostikoa jasotzea zer izan zen kontatzeko aitzakia edo eszenarioa da bidaia, nola egon nintzen kaka eginda eta nola joan nintzen pixkanaka egoerari buelta ematen kontatzekoa, baita bidean ikasitakoa azaltzekoa ere.

Hasieratik zeneukan argi emaitza ikus-entzunezko bat izango zela, ezta?

Bidaiaz gain, bi fase nituen argi buruan. Bat zen bideo labur batzuk egitea, eta behin grabatuta, horiek Youtuben jarri nituen ikusgai. Neuk grabatu nituen guztiak eta grabaketa horietan kontatu nuen kontatu nahi nuen guztia. Baina nirekin Pello Osoro etorri zen bidaiara –ikus-entzunezkoetan aritzen den Eibarko triatleta–, eta hark grabatu zituen irudiekin osatu genuen dokumentala. Hortaz, nik banekien dokumental bat edo ikus-entzunezko luze bat osatzea nahi nuela; izan ere, momentu hartan, hitz potoloegia iruditzen zitzaidan dokumental hitza, nik ez daukadalako inolako formaziorik ikus-entzunezkoetan. Nekiena zen istorioa bideo batean kontatu nahi nuela.

Lana Bilboko Mendi Film Jaialdira iritsi zen...

Azken helmuga horixe zen, baina uste nuen mezu baten bidez erantzungo zidatela lana ez zela jaialdian onartua izan. Ezustekoa izan zen onartu zutela zioen erantzuna jasotzea eta 2024ko Mendi Filmen proiektatzea. Oso-oso ederra izan zen. Eta, kasualitatea, gero, Euskarako Film Onenaren Saria ere lortu genuen; kristorena izan zen. Ondoren, Mendi Tour izenburupean herriz herri antolatzen dituzten ikus-entzunezko proiekzioetan eta solasaldietan parte hartu dugu hainbat herritan, eta Eibartik gertu egindakoetara joan naiz. Beste herri batzuetatik, berriz, deitu egiten didate; adibidez, orain Oriotik egin didate kasu, dokumentala erakutsi eta hizketalditxo bat emateko.

Herrietako solasaldietan zer da jendeak gehien galdetzen dizuna?

Euskal Herrian, galderak gero egiten dira, hitzaldia amaitu denean. Eta jendeak gehien galdetzen didana da ea ondo nagoen, ez zaidala ezer nabaritzen eta. Zentzu batean amorrua eragiten duen galdera da; izan ere, esklerosia daukadala dioen kartel bat eraman behar al dut kokotean itsatsita? Uste dut gaitz horren inguruko ezagutza falta dela, pertsona bakoitzari modu batean eragiten diolako. Batzuk hasiera-hasieratik egoten dira oso ezinduta, gurpildun aulkian, eta hori zen etorriko zitzaidala pentsatzen nuena, baina ez da horrela izan orain arte; beste batzuk mendian gabiltza korrika, eta ez zaigu ezer nabaritzen.

Baina gaixotasuna hor dago.

Hor dago. Ziurgabetasuna da esklerosi anizkoitza gehien definitzen duen hitza, eta horrekin bizitzea tokatzen zaigu.

Halako diagnostiko bat eta gero, bizitza desberdin ikusiko da, ezta?

Bai, guztiz. Diagnostikoa jaso eta gutxira, zer egiten saiatu ez izanak emango lidakeen pena bizitzan galdetzen hasi nintzen neure buruari. Ikusten duzuna da bizitzaren amaiera benetakoa dela. Ordura arte ez dut esango hilezkorra sentitzen zarenik, baina ez zara kontziente amaituko dela edo, gutxienez, ordura artekoa amaitu dela.

Ama zegamarra dut, baina Zegama-Aizkorri mendi maratoian inoiz izena eman gabe nengoen ordura arte. Hura izan zen egin nuen aurreneko kirol proba. Kamiseta batzuk saldu nituen, gainera, eta jasotako dirua esklerosiaren kontrako Gipuzkoako elkarteari eman nion; 750 euro. Lan munduaz ere hausnartu nuen, eta Codesyntaxen nuen lana utzi eta autonomo egin nintzen marketineko aholkulari gisa jarduteko. Lau urte eta erdi pasatu dira ordutik, eta hobeto bizitzeko balio izan dit diagnostikoak, beste erritmo batean bizitzeko. Ziurrenik, lehen baino hobeto bizi naiz, kontzientzia puntu bat gehiago daukadalako fisikoki eta psikologikoki ondo egotearen eta gaizki egotearen inguruan. 

Ikus-entzunezkora bueltatuta, irudiak eta musika zoragarriak dira, eta atzean dagoen istorioa, sakona.

Irudiak ikusgarriak dira, bai. Badakit ez dela gauza bera pantaila handian Artikoa, Antartida edo Montblanc edo Hiru Erregeen Mahaia ikustea, baina Pellok lortu zuen irudi politak ateratzea kamera eta dronea konbinatuta. Paraje oso politak ikusten dira. Gainera, udazkenean egin genuen bidaiaren lehenengo zatia, eta Iratiko basoa-eta oso politak ikusten dira. Bidaia martxoan amaitu genuen, eta zortea eduki genuen elurra egin zuelako Orhin eta Hiru Erregeen Mahaian; dena zuri-zuria eta polit-polita zegoen eta horrek beste puntu bat ematen dio bidaiaren amaierari. Musika, berriz, Maite Arroitajauregi Mursego-rena da. Kristoren zortea izan zen hura alboan edukitzea proiektu honetan.

Kalitatezko lagunak eduki dituzu, beraz?

Bai, eta pelikulan ere esaten dut: pertsona batzuek handiago egiten zaituzte, eta horiek gertu eduki nahi ditut. Eta filmean ere hala izan da; halako jendea gertu edukitzeko zortea izan dut.

Istorioa kontatu zenuenetik denbora igaro da. Orain lana ikusten duzunean, zer sentitzen duzu?

Bizipenak hor daude, horiek ez dira joaten. Eta garrantzia, estetikari baino, kontakizunari eman nion. Azken batean, proiektuaren helburua da gazteren batek, gurpil aulkira edo desgaitasunera eramango duen gaitza diagnostikatzen diotenean, nik sentitu nuen beldurrik ez sentitzea. Aukera hori hor dago, baina jakin dezala diagnostikatuta dauden beste batzuk mendian korrika gabiltzala, bizitza normala egin daitekeela, normal hitzaren kontzepturik zabalenean.

Dokumentalak mezu positiboa dauka, orduan?

Horretan saiatu naiz. Filma ikusi duen jendeak pozik amaitu du emanaldia, eta zoriondu egin nau istorioa kontatzearren. Hori oso ederra da, mezua batzuengana iritsi delako; ikaragarri pozik nago horrekin. Ikusi edo ez ikusi, denok daukagu motxilaren bat, eta ikusten ez den arren, sendatzen ez den gaitza daukat, eta bihar edo etzi gurpil aulkian geldi naitekeen arren, ahal dudan baikortasun handienarekin jarraituko dut bizitzen.

Badaukazu esku artean beste proiekturik?

Ikus-entzunezko hau liburu bihurtu nahiko nuke. Horretan ari naiz jada, ea noiz amaitzen dudan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide