Iristear da Orio Eragin eskubaloi klubeko senior taldeak hilabete luzez esperotako eguna: Euskal Ligan lehiatuko dira denboraldi honetan iaz igoera lortu ondoren, eta larunbatean jokatuko dute aurreneko partida, non eta etxean, Karela kiroldegian, zer eta Ameztoi Zarautzen aurka. Hasiera ezin zirraragarriagoa izango da oriotarrentzat, eta eskertuko dute herritarren bultzada: partida 13:00etan hasiko da, eta ohi bezala, sarrera doakoa izango da.
Aurredenboraldian Euskal Kopa jokatzen aritu dira oriotarrak, eta Ander Agote entrenatzaileak azaldu du "oso ondo etorri" zaiola taldeari entrenamendu gisara, eta partida guztietan "lehiakor" aritu direla jokalariak. Agotek taldearengandik gehiago espero du, ordea, eta argi hitz egin du zentzu horretan: "Oraindik ematea daukan mailatik urrun ikusten dugu taldea, eta horregatik, gogor ari gara entrenatzen. Espero dugu partidak jokatu ahala hobetzen joatea eta urte polit bat egitea".
Iaz sekulako denboraldia egin zuen taldeak, eta Gipuzkoako Ligatik Euskal Ligara igotzeko txartela eskuratu zuten. Maiatzean taldeko bi kapitainak elkarrizketatu zituen Orio Gukak, eta ezin sinetsita zeuden; amets bat bete zutela adierazi zuten Maria Azkuek eta June Urbitartek. Elkarrizketa hemen dago irakurgai osorik.