Gipuzkoako Liga irabazi ondoren, igoera fasea jokatzen aritu zarete, eta apiril bukaeran, Elgoibarren (Gipuzkoa) Eharialdea taldeari partida irabazita, zuzenean Euskal Ligara igotzea lortu duzue. Nola oroitzen duzue partida hura?
JUNE URBITARTE: Partida oso gogorra izan zen. Norgehiagoka osoan zehar gora eta behera ibili ginen markagailuan. Azken bost minutuetan berdinduta geunden, eta hiru baloi-lapurretari esker, aurrea hartu genien, eta lau puntugatik irabazi.
MARIA AZKUE: Ezin genuen sinetsi gertatutakoa.
Eta partida ondorena?
J.U.: Oso hunkigarria izan zen.
M.A.: Bai, nik negar asko egin nuen. Oso maitea dut klub hau, eta niretzat garrantzitsua izan da igoera hau Oriorekin lortu izana. Gainera, jende pila bat joan zen Oriotik gu ikustera, eta sekulakoa izan zen haiek denak gu animatzen ikustea eta gero garaipena gurekin batera ospatzen aritzea.
J.U.: Bai, oso eskertuta gaude.
Mailaz igotzea ez zen denboraldi honetako zuen helburua.
J.U.: Ez zen helburua, baina niretzat, pertsonalki, bazen amets bat.
M.A.: Denboraldi hasieran hiru helburu nagusi jarri genituen: entrenamenduetara gogoarekin eta gozatzera joatea; klubeko gainerakoentzat eredu izatea, hau da, jendeak gogoa izatea senior taldera iritsi eta jokatzeko; eta, azkenik, talde kohesioa. Hiru helburu horiek lortuta, igoera etorri da. Junek esan duen bezala, ametsa zen, ez helburu zuzena.
Lesio askoko urtea izan duzue.
M.A.: Bai. Ez dugu lesio larririk izan, baina jokalari dezente egon dira min hartuta. Zorionez, denboraldi bukaerara denok osatuta iritsi gara.
J.U.: Beldurra ere izan dugu, liga amaierara ez ginelakoan gure momenturik onenean iritsiko, baina azkenean denak errekuperatu ziren.
Gazteagoentzat eredu izatea aipatu duzu, Maria.
M.A.: Bai, askotan, jubeniletatik seniorretarako saltoa ematerakoan, askok utzi egiten dutelako kirola ikasketengatik eta. Guk nahi dugu erakargarria izatea hau.
J.U.: Elgoibarko partida ikustera, esaterako, klubeko neska gazte mordoa joan zen. Halakoek laguntzen dute gazteentzat hau erakargarria izatearen helburu hori lortzen. Orio Eragin eskubaloi klubak sei urte besterik ez ditu.
Zuek igoera lortu duzue, eta kluba bera ere asko hazi da.
M.A.: Bai. Senior taldearen laugarren denboraldia izan da hau. Batzuek azkar lortzen dituzte igoerak, baina beste batzuek sekula ez, eta guri lau urtetara etorri zaigu.
J.U.: Sei urte oso gutxi dira, eta nire ustez gauza garrantzitsuak lortu dira Orion, lana ondo egiten ari garenaren seinale. Bestalde, bertigo pixka bat ere ematen digu, perspektiba galtzeko arriskua dagoelako. Izan ere, ez da hain erraza lortu dena lortzea; lan asko dago atzetik, eta hori argi eduki behar da.
M.A.: Lan asko dago, jende askorena: entrenatzaileena, zuzendaritza taldearena, gurasoena, jokalariena... Horien guztien lana beharrezkoa da honek funtzionatzeko, talde asko ditugulako: senior taldea, jubeniletan eta kadeteetan bina talde, infantiletan lau talde, eta eskubaloi eskolako ume guztiak.
Igoerak aldaketarik eragingo dizue datorren denboraldian?
J.U.: Entrenatzerakoan ez, jada oso gogor entrenatzen dugulako, diziplina eta konpromiso maila handiarekin. Azken batean, horrek ere eragin du emaitzan. Bestalde, oraindik ez dakigu jubeniletatik zenbat jokalari igoko zaizkigun.
Beste taldeak nola ikusten dituzue? Zein izango dira aurkari gogorrenak?
M.A.: Ez dakigu, liga ezezaguna delako oraindik guretzat.
Zarautz izango da aurkarietako bat.
M.A.: Bai, eta asko motibatzen nau horrek, Zarauzko klubean ibilitakoa naizelako. Poza emango dit kantxan haien kontra aritzeak.
Zuentzat zein izan dira denboraldi bikain honen gakoak?
J.U.: Nire ustez gakoak izan dira konpromisoa, lana eta diziplina.
M.A.: Uste dut aurrez aipatutako hiru helburu horiek bete ahala norabide egokia hartu duela denboraldiak. Horrez gain, aipamena egin nahi genieke aurrez egon diren jokalari eta entrenatzaile guztiei. Urte zailak ere egon dira, soilik bederatzi jokalari ginenekoak. Lorpen hau beraiena ere bada.
Nolako taldea zarete?
M.A.: Kopuruz talde sendoa osatu dugu, eta adinez anitza da, 18-40 urte tartean gabiltza. J.U.: Harreman oso aberatsa sortu da, elkarrengandik asko dugulako ikasteko.
Seniorretan hasi zarete elkarrekin jokatzen zuek biok, baina elkar aspalditik ezagutzen duzue, ezta?
J.U.: Aspalditik, bai, infantiletan Maria izan zen nire entrenatzailea.
Hurrengo denboraldian jarraitzeko prest?
J.U.: Noski, biok jarraituko dugu, bai.