Herrian 1.200 bizikleta aparkatzeko azpiegitura osatu du Orioko Udalak

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 4a, 11:00

Udal langileak joan den astean bizikletentzako aparkaleku berriak jartzen Kultur Etxe aurrean. (Onintza Lete Arrieta)

Azken urteetan herriko aparkaleku kopurua handitzen aritu da udala, eta aurten batez ere hondartza ingurua indartu du, baina herrigunean ere aparkalekuak ugarituz joan dira azken hilabete eta asteetan. Gukari datu zehatzak eman dizkio gaiaz Olatz Santamaria Hirigintza zinegotziak.

Orioko Udala bizikletak aparkatzeko azpiegiturak jartzen ari da azken urteetan, eta datu zehatzak eman dizkio Gukari, azken egunetan gehiago jarri baititu. Olatz Santamaria Hirigintza zinegotziak azaldu du iaz herrigunea indartu zutela lehengo aparkaleku kopurua handituz, eta aurten, batez ere hondartza inguruan jarri dituztela azpiegitura horiek. "Egun, guztira, 600 bizikletero inguru ditugu herrian, beraz, 1.200 bizikleta uzteko tokia", zehaztu du Santamariak.

Urtez urteko datuak ere eman ditu: iaz 52 bizikletero berri jarri zituzten (100 bizikleta pasatxorentzat), eta aurten, 53 bizikletero berri, beste 100 bizikleta pasatxorentzat.

Zinegotziak esan du urtero aztertzen dutela herriko gune bakoitzaren egoera, eta horren arabera erabakitzen dutela aparkaleku gehiago jarri ala ez, eta horretarako diru laguntzak eskatzeko aukera izaten dutela udalek. Bai iaz, bai aurten, kostuaren erdia baino gehiago laguntzekin ordaindu ahal izan du udalak.

Herri batzuetan bizikleten aparkalekuak estaltzen eta ixten hasiak dira udalak, eta aukera horri buruz galdetuta, Santamariak jakinarazi du "gaia mahai gainean" duela udalak, baina momentuz ezin dutela ezer zehatzik esan.

Erabilera egokia eta erregistroa

EH Bilduko zinegotziaren esanetan, oso garrantzitsua da bizikletak bizikleteroetan uztea, "farola, banku, baranda, seinalitiketan edota zuhaitzetan lotutako bizikletek, maiz espaloiaren erabilgarritasuna mugatzen dutelako, guneak estutuz eta mugikortasun arazoak sortuz. Era berean, garbiketa makinen oztopo fisiko bihurtzen dira askotan", nabarmendu du.

Azkenik, Santamariak gogorarazi du bizikleten erregistroa sortu duela aurten Orioko Udalak, "herriko bizikleten kontrola eta segurtasuna bermatzeko helburuarekin". Esteka honetan lor daiteke erregistro horri buruzko informazio zehatza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide