Orioko Udalak bizikleten erregistroa egingo du herriko bizikleten kontrola errazteko eta horien segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Hortaz, bizikleta erregistratu nahi duten herritarrek bi baldintza bete beharko dituzte: 18 urte baino gehiago izatea eta Orion erroldatuta egotea. Biak betetzen dituztenek beren bizikleta erregistratu dezakete gaurtik aurrera online edota udaletxean.
Hori horrela, bizikleta bat erregistratzeko herritarrek bi agiri aurkeztu beharko dituzte: alde batetik, eskabide orria bastidore zenbakiarekin eta modeloa, marka, kolorea eta bizikleta mota zehaztuz, eta bestetik, bizikletaren argazki bat. Bestalde, udalak bizikletaren erosketa egiaztatzen duen faktura eta erantzun zibileko asegurua aurkeztea ere gomendatu du.
Erregistroa egiteko pausoak
Bizikleta erregistratzeko bi aukera izango dituzte herritarrek: online edo udaletxean.
Aurrez aurre egin nahi dutenek, udaletxeko leihatilara joan beharko dute eta bertan eskuorria bete. Hala eta guztiz ere, udalak argazkiak eta gainerako agiriak inprimatuta eramatea gomendatu du. Erregistroa egin ondoren, momentuan bertan jasoko dute ziurtagiria eta bizikletan jarri beharreko pegatina.
Bizikletaren erregistroa erabat doakoa da, eta udalak dei egiten die herritarrei beren bizikletak erregistratzeko.