Igandean zuzen-zuzenean iragarri zenuen agurra, eta lankideek detailea egin zizuten momentuan bertan. Ezustekoa izan zen askorentzat.
Hala da, baina naturaltasunez egin nuen; minutu bateko agurra izan zen. 42 urte bete ditut Euskal Irrati Telebistan lanean, eta 64 urte izanda, hurbil dago agurra. Uztailekoa naiz, eta ordurako traineru denboraldia hasita egongo denez, ez da egokia aldaketak egiten hastea, eta erabaki genuen denboraldi honetan ematea amaiera ziklo bati, hurrengoari esatari berriarekin ekiteko.
Agurra iragartzearekin batera, aitortu zenuen hemendik aurrera Enbata animatuko duzula.
Bai, noski. Bilbon bizi den zarauztarra naiz ni, eta sustraia ez dut inoiz galduko. Kazetari bezala oreka mantendu behar duzu, baina nik ez daukat inolako lotsarik esateko zale ere banaizela. Txikia nintzenean Zarautzen ez zegoen aukerarik herrian batelekin-eta ibiltzeko, nahiz eta egiten ziren trainerillekin estropadak eta halakoak, eta gero, Zarauzko Ikurrina garrantzitsua ere bai. Baina gurasoekin joaten nintzen Kontxako estropadetara, oinez Oriotik Igeldora, eta han goitik ikusten genuen jardunaldia. Ikusi, edo imajinatu, askorik ez zelako ikusten. Beraz, nik herriko arraun elkartearekin beti zango dut lotura bat, noski. Naturala da, eta hori ukatzen duena, nire ustez, gezurretan ari da.
Esatari bezala erraza egin zaizu sentimendu horiek ezkutatzea edo neutraltasuna mantentzea?
Oso erraza, niretzat ez da inolako arazoa izan. Adibidez, azken emanaldian, Zarauzko neskek igoera zuten jokoan, baina ikusten badut sanjuandarrek sekulako estropada egin dutela, zer esan behar dut? Txalotu egingo ditut sanjuandarrak, eta animatu, herrikoak. Kirol legez. Eta futbolean, berdin. Futbol esataria izan naiz urte askoan, eta nik ere badut nire taldea, baina bestea hobea bada, zer egingo duzu, ba? Gauza bat dira gure bizitza eta gure zaletasunak, eta bestea da profesional gisa hartu behar duzun jokabidea. Badakit guztiek ez dutela eredu hori jarraitzen, baina ni saiatzen naiz bide hori lantzen.
Arraun denboralditik zer azpimarratuko zenuke? Eskualdeko traineruak, esaterako, oso ondo ibili dira, bai Orio, baita Getaria, Zarautz eta Zumaia ere.
Oso ondo ez, ikaragarri ondo. Oriok egin duena historikoa da. Jarraitzaile edo ikus-entzule arrunt baten tokian jarriz gero, lehiaketarentzat talde bat erabat nagusitzea da onena? Beharbada ez, baina hori ez da Oriokoen errua; Oriokoek egin dute kuadrilla ikaragarria osatu, kanpoko jende oso egokia ekarri, eta etxeko arraunlari onekin uztartu. Txalo egitea besterik ez dago. Beste batzuek pentsatu beharko dute ea kirol honen etorkizunerako hori sarri-sarri gertatzea ona edo arriskutsua den; baina hori ez da kazetari batek erantzun beharrekoa, arraun elkarteek hausnartu beharrekoa baizik. Harrobiari buruz azterketa egiten ari diren bezala, honetaz ere egin behar lukete. Aurten Arraun Lagunakek emakumeetan goitik behera menperatu du denboraldia, eta Oriok gizonezkoetan, eta uste dut hori beste bi urtez jarraian gertatzeko posibilitatea dagoela, hori gertatzea kirolarentzat ona ez izan arren.
EITBko kirol zuzendaria izana zara, eta arrauna gaur egun telebistan ikusten den formatua zure eskutik etorri zela diote. Erakargarritasuna ikusi zenion?
Ezin da hori esan inolaz ere. Telebistan jende asko ari da lanean eta jende askoren artean hartzen dira erabakiak. Nik, arduradun garaian, ligen aldeko apustua babestu nuen, naturala iruditu zitzaidalako. Ni hasi nintzenean, Zumaiako kluba zen egurra ematen zuena, Luxiaren eta Klaudio Etxeberriaren garaian. Nuarbe aldeko sokatiralariak integratu zituzten, eta boom ikaragarria izan zen. Hala ere, hutsune bat zegoen: lehiaketa falta nabarmena zegoen. Pauso batzuk eman behar zirela uste dut, eta tokatu zaidan neurrian, bultzadatxo bat emango nion arraunari; ez izugarria, guk kostaldeko kirolak eta mendialdekoak zaindu behar ditugulako. Herri kiroletan ere aurrerapauso handiak eman dira, eta pilotan, zer esanik ez. Nik, adibidez, pilotan borroka handiak izan nituen arduradun nintzenean, gure etxearen interesak defenditzeko eta, era berean, kirola uste nuen bidetik laguntzeko. Aletxo txiki bat jarri badut eta jendearen gustukoa izan bada, ni pozik.
Etorkizunera begira, nola ikusten duzu kirolaren arloa telebista publikoan?
Gaur egun esklusibistak dira nagusi, eta ordaindutako telebistak kudeatzen du kirola. Guk, telebista publiko bezala, albistegietan hemen inguruan gertatzen denari buruz eta gure ikusleentzat garrantzitsuak diren kirol emankizunei buruz informazio egokia eman behar dugu. Eta ahal badugu, zuzeneko emanaldiak egin behar ditugu, eta euskarazko katearentzat zutabe garrantzitsua baldin badira, horiek sendotu. Baina errealitatea zein den onartu behar dugu. Nik, garai batean, lehenengo mailako eta Europako lehiaketetako futbol partidak komentatzen nituen, eta Euskal Telebistan eman ditugu NBA, 1 Formula, teniseko txapelketa handiak eta txirrindularitzako proba oso-oso garrantzitsuak. Baina hori aldatu egin da, eta horretara egokitu beharrean gaude.
Eta nola ikusten duzu arraunaren etorkizuna?
Hausnarketa sakon baten premian dago arrauna. Denborak begiratzen badituzu, eta horiek ez dute gezurrik esaten, gaur egungo maila duela hogei urte genuena baino apalagoa dela ikusten da, eta hori ez da normala. Hortik ondorio bat atera behar da. Bestalde, gazteentzat, eta haiek dira etorkizuna, zailtasun handiegiak daude arraunean jarraitzeko. Nik 20 eta 18 urteko semeak ditut, eta haien arraun elkartean jubeniletatik seniorretarako pausoa oso neska-mutil gutxik ematen dute. Zergatik? Ez dutelako garbi ikusten etorkizuna. Lauzpabost urtez jarraitu behar dute beren maila hobetzeko eta onenen ondoan toki bat lortu ahal izateko. Hori esatea erraza da, baina gaur egun, gazteek beste norabide bat hartzen dute: ikasketak, lagunak, zaletasunak, oporrak... Arraunak behar du alde horretatik hausnarketa bat. Garrantzitsuena da gogoa duen gazte jendeari laguntzak eta erraztasunak ematea; bestela, ez dago eboluziorik.
Lau urte egin dituzu lanean. Momentu eta pertsona asko izango dituzu gogoan. Arraunera etorrita, ahaztu ezinezko une edo pertsonaren bat baduzu?
Arraun munduan, asko. Pertsona bat arraun munduan niretzat oso-oso nortasun handikoa eta garrantzitsua Jose Luis Korta izan da. Gauza guztiekin ez du asmatu; nik ere ez, eta uste dut, inork ere ez duela gauza guztiekin asmatzen. Batzuetan agian kosta egin zaio esateko moduekin-eta neurria hartzea. Baina Korta izan da ikaragarrizko arraunlaria eta ikaragarrizko entrenatzailea. Arraunean badira beste asko: Luis Mari Lasurtegi bera, esaterako, Olinpiar Jokoetan domina lortutako gure erreferente bat da. Ni bezala, hura ere oso beteranoa da, eta ikusten dut orain hori falta zaigula, eta min ematen dit. Montosa, esaterako, munduko txapelduna izandakoa da skiffean. Non daude gaur egun olinpiar erako euskal arraunlariak? Bada, oso maila apalean. Batzuek salatzen dute tostako arraunketak jan duela olinpiar erakoa, baina ez da egia. Lasurtegi etorri zen bere dominarekin, eta handik astebetera Kontxan lehiatzen zen, baita Montosa eta Korta ere. Gaur egun oso arraunlari onak daude, bai, baina zein dago orain egunean hiru eta lau entrenamendu egiteko eta prestatzeko ez Olinpiar Jokoetara, baina Europako Txapelketa batera edo dena delakora joateko? Oraindik baditugu horrelakoak, Orion bertan Ander Zabala prestatzaile fisikoa [gizonezkoen trainerukoa], badakiena gailurrean arraun egitea zer den, edo Uruguaitik etorritako Leandro Salvagno ere bai [Orioko traineruan], etab, baina Euskal Herrian uste dut arlo horretan atzera egin dugula, eta joaten naizenean Legutiora ikustera zer dagoen eta nola dagoen Euskal Herriak duen olinpiar erako eremua, negargura sartzen zait.
Zergatik?
Nire begiekin ikusita dudalako han arraun kontzentrazioak nola egiten ziren. Eta erosi ere egin zituzten, eta ondo erosi ere, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan erabilitako epaileen dorrea, pantalanak etab, eta gero, diru faltagatik, kendu egin behar izan zituzten, ezin zelako mantendu, edo hori esan zuten orduko kirol arduradunek. Hanka sartze barkaezina izan zen, nire ustez. Baina horrelakoa da bizitza: arlo batzuetan aurrera egiten ari gara, beste batzuetan atzera, eta garrantzitsuena da gogoa duten gazte jendeari laguntzak eta erraztasunak ematea; bestela, ez dago eboluziorik.