Orioko Udalak pilotalekuaren argazkiak biltzeko deialdia zabaldu du

Julene Sorarrain 2025ko ira. 9a, 16:00

Orioko pilotalekua. (Julene Sorarrain)

Udala eta Ospele pilota elkartea herriko frontoiari "merezi duen agurra" emateko ekitaldia prestatzen ari dira, eta dei egin die herritarrei frontoiaren argazkiak bidali ditzaten. Irudiak ikus-entzunezko batean txertatuko dituzte, baita herriko artxiboan gorde ere. Horretarako azken eguna irailaren 16a izango da.

Orioko Udalak uztailean jakinarazi zuen herriko frontoia urrian eraitsiko dutela, eta lanak hasi aurretik, irailean, frontoiari "merezi duen agurra" emango diote. Horretarako, ekitaldi berezi bat antolatzen ari da erakundea, Ospele pilota elkartearekin elkarlanean, eta herriko frontoiaren argazkiak bildu nahi dituzte.

"Kirolerako ez ezik, elkargune gisa ere erabili da urte luzez pilotalekua, eta oriotar guztien oroimenean egongo da aurrerantzean ere", azaldu du udalak. Horregatik, frontoian egin diren orotariko ekitaldien argazkiak jaso nahi dituzte, besteak beste, herri bazkarietakoak, kultur ekitaldietakoak, herriko eragileek antolatutako erakustaldietakoak eta topaketetakoak. Argazki horiek ikus-entzunezko euskarri batean txertatuko dituzte, baita herriko artxiboan jaso ere. Horregatik, "kalitate oneko argazkiak" bidaltzea eskatu dute, jpg formatuan.

Argazkiak bidaltzeko azken eguna irailaren 16a izango da, eta horretarako udaletxeko artxibora (3. solairua) jo daiteke, baita komunikazioa@orio.eus helbidera mezua idatzi ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide