Orioko Udalak ohar bidez jakinarazi du urrian hasiko direla herriko pilotalekua eraisten, baita haren ondoan dauden etxebizitzak ere, hain zuzen, Eusko Gudari kaleko 36-42 zenbakidun etxebizitzak. Horren harira, iragarri du aurrez agur ekitaldia egingo diola frontoiari, eta Ospele pilota elkartearekin elkarlanean osatuko dutela ekitaldia. Oraindik ez dute zehaztu data, ezta egitaraua ere, baina udalak aurreratu du irailean izango dela agurra.
"Orioko Udalak merezi duen agurra eman nahi dio herriko frontoiari. Herriko pilotari gazte zein helduen bilakaeraren lekuko izan da, esku-pilota jolas, afizio zein ofizio izan duten herritarren topagunea. Kirolerako ez ezik, elkargune gisa ere erabili da urte luzez, eta oriotar guztien oroimenean egongo da aurrerantzean ere", esan du udalak.
Iaz onartutako proiektua
Eusko Gudari kaleko 36-42 zenbakidun etxebizitzak eta frontoia dauden tokian etxebizitza berriak, garajeak, lokal komertzialak eta erabilera publikoko espazio berri bat eraikiko dituzte. Frontoi txiki bat ere egingo dute espazio horretan, baina oraindik ez dute azaldu noiz eta non eraikiko dute pilotaleku nagusia.
Udalak gogorarazi du 2007ko arau subsidiarioetan ordenamenduz kanpo geratu zirela pilotalekua eta haren kontra eraikitako etxeak, eta ordenamenduz kanpo dauden eremuetan gutxieneko mantentze-lanak baizik ezin direla egin eta, ondorioz, pilotalekuaren eta eraikinen egoerak okerrera egin zutela:"Egoerari konponbidea bilatzeko hainbat saiakera egin zituen udalak, eta azkenik, etxejabeen aldeko jarrerari esker eta Eraikiru SL enpresaren bidez, eremu osoa hartuko duen proiektua garatu genuen iaz".
Proiektuaren arabera, 24 etxebizitza berri eraikiko dituzte eremu horretan. Sotoan aparkalekuak izango dituzte, eta gaur egungo etxebizitzen lerro berean eraikiko dira. Proiektuak, esan bezala, 17 x 11 metroko frontoi estalia barne hartzen du.