Orioko Udalak aurreko astean aurkeztu zuen Parrilla Fest, jasangarritasuna, parte hartzea eta ondarearen transmisioa uztartzen dituen egitasmo berria. Urriaren 3tik 5era bitartean ospatuko dute festa kultural eta gastronomikoa, eta egitarau oparoa osatu dute horretarako.
Urriaren 3an, ostiralarekin, pintxo pote gastronomikoa egingo dute Herriko Plazan. Bertan izango dira, hain zuzen ere, herriko erretegietako parrilleroak, bertaratzen direnei arraina nola erretzen den erakusteko prest. Egunean bertan lonjatik ekarritako arraina sukaldatuko dute, eta pintxo potean parrilleroen ikuskizuna ikusten duenak, bi arrain erre pintxo, gilda bat eta bertako txakolina dastatzeko aukera izango du. Esan bezala, urriaren 3an izango da hitzordua, eta bi txandatan banatuko da: lehena 20:00etan izango da, eta bigarrena, 21:00etan.
Hala, ekintzan parte hartu nahi dutenek txartela eskuratu beharko dute bihartik aurrera, Turismo Bulegoan. Txartelak goizeko 10:00etan jarriko dituzte salgai, eta 10 euroko kostua izango dute. Txartel bakoitzak bi pintxo, gilda bat eta txakolina dastatzeko aukera emango du, eta bakoitzak gehienez 6 txartel erosteko aukera izango du. Hori ez ezik, pintxo potea bi txandatan banatuko da: lehen txanda 20:00etan izango da, eta bigarrena, 21:00etan. Hortaz, txartela erosterakoan zein txandatan parte hartu nahi den zehaztu beharko da. Gainera, bi txandak beteko balira, larunbatean bigarren saio bat antolatzeko aukera aztertuko du udalak.
Informazio gehiago eskuratzeko, Turismo Bulegora jo daiteke (Aritzaga kalea, 1) baita 943-83 55 65 zenbakira deitu edota infoturismoa@orio.eus helbidera idatzi ere.