Orioko Karela kiroldegiak kudeaketa berriarekin hasi du 2025-2026 ikasturtea, izan ere, hemendik aurrera Neo enpresak kudeatuko du kiroldegia BPXporten ordez. Orioko Udalak, enpresa berriarekin elkarlanean, gimnasioa, jarduera eskaintza eta ordutegia berritu ditu. Aldaketak 2025eko irailaren 1ean sartu dira indarrean, eta izen-ematea, aldiz, ostiralean zabalduko dute.
Herritarrek egindako eskaerari erantzunez, Karela kiroldegiak ordutegi "jarraia eta orain artekoa baino zabalagoa" izango duela jakinarazi du udalak, eta eguerdian ere zabalik egongo da. Hau izango da irailetik ekainera arteko ordutegia:
- Karela kiroldegia
- Astelehenetik ostiralera: 7:00-21:00.
- Larunbatetan: 09:00-13:00 eta 16:00-20:00.
- Igande eta jaiegunetan: 09:00-13:00.
- Igerilekua
- Astelehenetik ostiralera: 7:30-20:30.
- Larunbatetan: 9:30-12:30 eta 16:30-19:30.
- Igande eta jaiegunetan: 9:30-12:30.
Berrikuntzekin jarraituz, aurrerantzean "puntako teknologiaz hornitutako" bi gimnasio izango ditu kiroldegiak. Gimnasio zaharrari dagokionez, handitu eta berritu egin dute, eta Haize Berri taberna zegoen lekuan, aldiz, bigarren areto bat prestatu dute. Gainera, bi espazioetan makina berriak jarri dituzte "muskulazioa lantzeko eta ariketa aerobikoak egiteko". Hori ez ezik, makinek internetera konexioa dutela azaldu du udalak, baita pantaila eta entrenamendu aukera zabala ere. Gimnasioan, gainera, begirale zerbitzua eskainiko dute. "Honen bidez, erabiltzaileek begiraleen aholkuak eta gomendioak jasotzeko aukera dute, edota saio pertsonalizatuak hartu ditzakete haiekin", gehitu du udalak.
Haize Berriko gimnasio berria herriko kirol elkarteei zuzenduta dago, baina gainerako erabiltzaileek ere erabilgarri izango dute ordutegi jakin batean.
Aurtengo eskaintza eta abonamendua
Ikasturte berriko eskaintzaren berri eman du gaur udalak, eta bertan haur eta helduei zuzendutako saioak jaso dituzte, baita ikastaro bakoitzari dagozkion ordutegiak eta egunak. Izen-ematea, aldiz, ostiralean zabalduko da, eta herritarrek Karela kiroldegira jo beharko dute horretarako.
Beste alde batetik, abonamendu sisteman ez da aldaketarik izan, eta erabiltzaileei automatikoki berritu zaie harpidetza. Hauek izango dira aurtengo kirol jardueren eta abonamenduen prezioak:
Informazio gehiago eskuratzeko, interesdunek Karela kiroldegira jo dezakete (Erribera Kalea, 1), baita 943-89 44 28 zenbakira deitu edota karela.harrera@equiponeo.com helbidera idatzi ere.