Anjel Larrañaga: "Pena litzateke traineru faltagatik KAE2 maila desagertzea"

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 30a, 14:12

Anjel Larrañaga, zutik ezkerretik bigarrena, arraunlariekin batera, aurten lortutako banderetako batekin. (OAE)

Maiatzera arte zalantzan zegoen Orio B trainerua uretan izango ote zen aurtengo denboraldian, baina azkenean lehiatu da, eta baita KAE2 irabazi eta KAE1erako txartela lortu ere, denboraldi biribila eginda. Anjel Larrañaga entrenatzaile tolosarra gustura da denboraldiarekin, baita igandeetako ongietorrietan herritarrengandik jasotako babesarekin ere.

2018tik Orio B taldearen entrenatzailea da Anjel Larrañaga (Tolosa, 1967). Iaz KAE1 maila galdu ondoren, aurten traineruak denboraldi bikaina egin du KAE2 ligan, ia bandera guztiak irabazita; liga eskuratu, eta KAE1era igotzeko txartela lortu dute. Denboraldiaurrea, ordea, ez zen erraza izan, maiatzean artean kolokan baitzegoen ontzia uretaratuko ote zen. Hilabete haiez eta orain lortutakoaz hitz egin du Gukak Larrañagarekin, baita hurrengo denboraldiaz ere.

Denboraldi ona egin duzue, zalantzarik gabe, baina badago bereziki azpimarratzeko punturik taldeari edo denboraldiari dagokionez?

Oztopoz oztopo ibili gara aurrena: pentsa, maiatzera arte talderik ez zegoen, eta klubak aurrena erabaki zuen B talderik ez ateratzea. Gero atzera egin zuen herriko presioagatik edo dena delakoagatik, eta saiakera handia egin zuen etxeko mutilei uretara ateratzeko aukera emateko, kanpoko jokalariak ekarrita. Utzita etorri ziren gazte batzuk Tolosatik, Donostiatik, San Pedrotik eta Ondarroatik, eta hala osatu zen txalupa, maiatzean. Lan zailena horiek denak uztartzea izan zen, baina mutilak ikasteko gogoz zeuden, eta gero erraza izan da guztia. Emaitzek lagundu egin dute, eta denboraldia biribildu ahal izan dugu.

Bandera asko eskuratu dituzue, baduzu gogoan estropadaren bat?

Etxekoa. Mimo handiz prestatu genuen, baina ez ginen irabazteko gai izan. Pentsa nola izaten diren gauzak: etxekoa irabazi nahi, eta huraxe falta. Gainerakoan, estropada guztiek eduki dute bere xarma eta bere konplikazioa, eta politena izan da arraunlari guztiek jokatu dutela eta irabazi dutela banderaren bat aurtengo denboraldian.

Afizioari dagokionez, babesa sentitu duzue?

Bai. Banderak lortuta, igandeetan ongietorriak egin dizkigute denei batera, eta herriaren babesa sentitu dugu. Pozgarria da txarangaren atzetik plazara joan, balkoira atera eta herri osoa han ikustea. Kalean ere beti jaso dituzte animo hitzak gure arraunlariek.

KAE1era igotzeko play-offak jokatu dituzte gaur bertan.

Bai. Galizian nago [han dituzte asteburuko estropadak Eusko Label ligako ontziek], baina streamingez jarraitu ditut gaurko play-offak. Guk hamabi estropadetatik bederatzi irabazi dizkiegun taldeek irabazi diete gaur KAE1ekoei. Poza ematen du hori ikusteak, esan nahi baitu gure maila nahiko polita zela KAE1en ere aritzeko.

KAE1 liga nola ikusten duzu? Hor bada lehia, ezta?

Bai, bai. Argi izan behar dugu kluben lehen taldeak dabiltzala KAE1en, eta gu bigarren txalupa garela. Beste taldeak gora begira daude, eta gu, berriz, gazteak formatzen ari gara eta gaude klubeko bigarren materialarekin. Salto handia dago hor.

Hurrengo denboraldian jarraitzeko prest egongo zara, ezta?

Tira, nik pauso guztiak B ontziari forma ematen eta goiko txalupari laguntzen egin ditut, eta beraz, nire partetik ez dago jarraitzeko arazorik, baina hori klubak erabaki behar du.

Ontzia osatzearen zailtasunez aritu gara. Ia hamarkada bat daramazu Orio Arraunketa Elkartean. Aurrez izan zenuten trainerua osatzeko zailtasunik?

Aurten bezainbeste ez. Aurtengoan, hainbat faktore elkartu dira: batetik, B ontziko bost arraunlari igo direla goiko taldera, eta horrek zulo handia utzi du, horrek eragin digu gehien; bestetik, jubenilak artean saltoa emateko zeuden, eta gainera, jubeniletan garrantzia handia eman zaio aulki mugikorreko lehiari.

Arazoa ez du Oriok bakarrik: aurten KAE2 ligan soilik sei ontzi lehiatu dira, eta zurrumurrua dago aztertzen ari direla KAE1 eta KAE2 elkartu eta liga bakarra egitea.

Ez dakit zer gertatuko den. Aurten sei ontzi bakarrik izan dira; 2018-2019 urteen bueltan, hamasei txalupa ginen. Horrek zer pentsatua eman beharko lieke bai antolatzaileei, bai talde guztiei. Gazteei asko kostatzen zaie arraun munduan jarraitzea; izan ere, goiko txalupetan maila handia dago, eta pazientzia behar da maila horretara iristeko. Pazientzia hori falta dela uste dut, eta gazteak animatu nahiko nituzke trainerura heltzeko lan egitera eta pazientzia izatera, saltoa emateko momentua iristen baita lehenago edo geroago. Bestalde, pena litzateke KAE2 liga desagertzea ontzi faltagatik. Ea zer gertatzen den; aurrerago ikusiko da hori, hurrengo denboraldirako taldeek izena ematen dutenean.

Gaia aldatuz, Jose Luis Kortak arrauna utzi berri du. Zeuk esana da arraunlaria zinenean harengatik etorri zinela Oriora arraunera...

Arraun munduan murgilduta nengoen ni garai hartan; Tolosaldean hasi nintzen arraunean eta Donostiako trainerura saltoa eman nuen. Gero Zarautzen ere egin nuen arraun, eta entzun nuenean Korta Orio entrenatzera zetorrela, zalantzarik ez nuen egin. Punta-puntan zegoen orduan Korta, ni gaztea nintzen, eta pentsatu nuen saiatu egin behar nuela, eta gero berak erabakiko zuela balekoa nintzen ala ez. 1991n egin nuen arraun bere esanetara, eta hurrengo urtean, 1992an, Kontxa irabazi genuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide