Uda betean gaude, estropada garaian, traineruen ligako lehia bizian. Donostiako estropadak hurreratzen, eta arraunlariek eta arraunzaleek dagoeneko Kontxakoa gogoan. Estropada irabazten denean ospatu egiten da. Garaileei ongietorria eskaintzen die herriak, eta musikak eta kantuak tokia hartzen dute ospakizunean. Eta arrauna oso sustraituta dagoen herrietan badute beren kantua, herria alaitzeko eta nortasuna indartzeko balio duena: arrauneko ereserkia. Polifonia koloretsu ederra osatzen dute Gipuzkoako portuetako arraunzaleek, eguzkiak bezala ekialdetik mendebalderantz: berdea, morea, arroxa, txuria, horia, urdina, marroia eta gorria. Ortzadar bikaina! Pena da doinuak hona ekarri ezinik, hitzak bakarrik ematea.
Bada kantu bat herri denetan bertakoa balitz bezala kantatu ohi dena, tokian tokira egokitzeko hitz bakar bat aldatuta. Hauxe: "Bat, bi, hiru, lau; bost, sei, zazpi; oriotarrak arraunean irabazi bandera!". Nahikoa da Orio aldatzea, edonori balio izateko: Honddarbi edo Zumaia. Orion Martin Peronak, Iñaki Sarasuak (Xabier Alberdiri entzunda) eta Juan Luis Amilibiak ere diote kantu hori Orion sortu zela. Amilibiaren ustez, Fabian Loidik asmatu zuen 1946an. Urte hartan Oriok Pedreñari irabazi zion Santanderren, hara Gipuzkoako arrauna defendatzera joanda. Lauzpabost egun eman zituzten etxera iristeko, Gipuzkoako herri askotan ongietorria eta omenaldia egin zieten; egun haietan Loidi apaizak herriko haurrak Ertzillaenera eramanda, erakutsi zien kantatzen berak moldatu berria zuen kantua: "Aurrena Orio ta, bigarren Pedreña, hirugarren Sestao, laugarren Coruña, bat, bi, hiru, lau...".
Bada kantu bat, 1943koa, Donostiako estropada egunetako giroa ederki azaltzen duena: Melodia Jesus Guridi musikari gasteiztar ezagunarena da (1886-1961), eta Jose Arozamena kazetari donostiarrarenak, hitzak. El día de las Regatas du izena eta sanpedrotarren aldekoa da; Aita Manuel patroi zutela sanpedrotarrek sei urtez segidan irabazitako banderak ez ziren urruti artean. Moreek ereserkitzat dute. Oso ondo azaltzen du estropada giroa. Erdaraz egina da; hona euskaratuta: "Estropadak Donostian, gaur bihotza alai daukat eta apustu egingo dut Aita Manuelen alde, traje berria jantzita, meza bukatutakoan, Kontxan estropan dira San Pedro eta San Juan. Ez pentsa, Miren, itzuliko naizela mozkor xoxik gabe, aberastuta erosiko dizut kolore oneko mantela. Zu zaitut, Miren, nik bakarra, orain naiz txintxo ta formala; olatua naiz, zu hondartza zera, eta hondarretan biziko naiz. Sirena, suziri ta apustu, tximistak, trumoiak ta nonahi oihu alaiak; ilaran jarrita zain daude borrokara doazen lau traineruak, angelusak elizan jo du, inork ez du arnasten, arraun lehia hasi denean, barrea, edana ta dantza, eta han uretan larri patroia. Denontzat egun on, txistu ta akordeon, ziaboga balizan, eta guk haiei paliza; hori da sasoia, hurbildu porroia, garaipena guretzat hori da arrazoia. Etorriko dira gogotsu sanpedrotarrak estropa irabazteko prest; bandera ekartzen badute, mozkortuko gara ederki ospatuz. Traineru ausarta eta arina, olatuen kontra borrokan garaitzeko prest, San Pedrok giltzez zabalduko digu zerua eta itsasoa. Gora bihotzak, Gora bihotzak!".
San Juan, Zarautz, Getaria, Zumaia…
Ondoko kantuen hitzak laburtuta daude. 2013koa da Unai Elizasurena, Kontxako estropadaz: "Zer gertatzen da irailean lehenengo bi igandeetan? Zenbat kolore Donostiako badia eta kaleetan. Kontxan arraun hotsa, boga boga, mutil eta neska. Donostian arraun festa, paladaz palada, uberaz ubera, arrauna bizi da. Bandera bakarra, denok gara txapeldun!".
2022an Jaime Eguzkizak Arraun Lagunakeko neskei egina: "Arraun! neska-mutil donostiarrak, Donostiko Arraun Lagunak, Kantauri itsasoan dugu kabia, gure Kontxan kulunka bizia. Arraun! gure arraunlariak, hamalau, traineru gainean, ikurrinaren bila".
Pasai San Juanen denbora errekor bati (19 minutu eta 17 segundo) abestu izan diote: "Diezinueve diezisiete, ha causado admiración, en la Concha están diciendo sanjuandarra campeón, ahí la tienes, rómpela, ya te costará romper, los remeros de San Juan nadie los puede vencer". Beste kantu bat ere badute: Zortziko de las bateleras, txistuz jotzeko Pablo Sorozabalen melodia.
Zarauztarrek, Enbata traineruari: "Enbata guria da-ta, Euskal Herriko onena da-ta". Getarian, 2021ean herriko abesbatzako zuzendari Jesus Aldalurrek egokitua: "Arraunlariak, ur garbietako ibiltariak, amets zurizko itsasoan erneak. Esperantzako arraunlariak, ur zelaietan norgehiagoka. Herri osoa ameslari da, arraunlarien besotan". Zumaian, 2014an Jon Maiak sortu zuen kantua, nesken traineruaren garai onenean: "Zumaiako traineruak izena du Telmo Deun; itsasoan, errioan dotorena Telmo Deun; irabazi ala galdu ez dakigu ze ingo deun; baina gure bihotzean beti dago Telmo Deun. Arraun, aurrera beti, arraun zumaiarrak, arraun eta atera itsasoai aparrak, Erribera kantoitik dio Aita Mari zaharrak".
Orioko arraun ereserkiak
Gure herri txikian arraunak historia handia du. Arraunlariek ordezkatu dute herria, eta historia aberatsa idatzi traineruko tostetan, atzera begira, beti aurrera, Kantauri itsasoan. Urte askoan Aliron izan da arraunlarien ongietorrirako oriotarrek izan duten kantua, eta Bat, bi, hiru, lau; orain Benitoren Mirotzak ere bai.
Aliron Oriora kanpotik etorri eta herrian musika banda osatu zuen Antonio Marinek ekarri zuen. Berehala jabetu zen Orion arrauna zer den eta, Bilboko Athletic-en kantuaren doinua hartuta, hauxe sortu zuen: "Aliron, aliron, oriotarra campeón, en Orio se ha puesto en moda el cantar el alirón, no hay ningún oriotarra que no sepa esta canción, Aliron, aliron, oriotarra campeón!".
Baina kantua ez zen bere asmakizuna izan guztiz. Bilbon, 1913-12-29an Athletic-en jarraitzaile batzuk San Mameseko partidaren ondoren, Bilboko San Frantzisko kaleko La Palanca kabaretera joan ziren. Teresita Zaza kupletistak kantu hau abestu zuen: "En Madrid se ha puesto en moda la canción del 'Alirón', y no hay nadie en los madriles que no sepa esta canción, y las niñas ya no entregan a un galán su corazón, si no sabe enamorarlas al compás del alirón!". Dirudienez, Athletic-en zaleek beren ukitua eman zioten kantuari: "Aliron, aliron, el Athletic campeón!" (Interneteko Wikipediatik ekarria).
Ez dakigu Antonio Marin inoiz egon ote zen kabaret hartan, edo Madrileko besteren batean, baina garbi samar dago ondo ezagutzen zuela emakume kabaretera haren kantua eta Oriora ekarri zuen. Marin eta Zaza biak Extremadurakoak ziren.
Hondarribian Gora Beñardo!
Hondarribiak ere badauka arraun ereserkia. XXI. mendean, Mikel Orbañanos han entrenatzaile dabilenetik askotan kantatu da Hondarribiko kaleetan: "Gora Joseba eta beraren koadrila, berriz ere saiatuko gera banderaren bila". Kantu hori aspaldikoa da eta istorio polita du; eta, gainera, Oriorekin lotuta dago.
Ignazio Olaziregi hondarribiarrak (92 urte), ontzigile ofizioz eta musikari afizioz (Astilleros Ignacio Olaciregui ontziolan, eta Hondarribiko musika bandan, urte askoan), musika eta arrauna izan ditu zaletasun nagusiak. Behin jokatu zuen arraunean Kontxako estropada, 1956an. Ofizioak eta afizioak askotan ekarri dute Oriora. Jende asko ezagutu zuen hemen, lagunak egin ere bai: Ignazio Sarasua, Txokolate, Erramon Lino... Ignazioren aita Laxaro ere ontzigile, arraunzale eta musikaria izan zen. Biek jo zuten urte askoan Hondarribiko musika bandan. Ignaziok dio Gora Joseba eta... eta Bat, bi, hiru, lau... kantuak Orion entzun zituela bere aitak lehen aldiz, eta hemendik eramanda hasi zirela Hondarribian ere kantatzen gerra ondoren, 1947an, Kontxan bandera irabazita, patroi Beñardo Elduaien zutela.
Laxaroren anai bat, Jose Ignazio Olaziregi, Orion aritu zen lanean 1936ko gerra aurreko urteetan. Orion bizi zela, Toki Alai hoteleko neska batekin maiteminduta, ezkondu egin ziren. Jose Ignaziok eskusoinua jotzen zuen eta, behin, Orioko arraun ospakizun batean bi anaiak batera egokitu ziren. Egun hartan kantu bat ikasi zuen: "Gora Mitxelena ta beraren koadrila, urte askoan ondo kontserba dadila, buruz azkarra eta memoriz abila, berriz ere saiatuko gera banderaren bila!".
Erraza zuten Hondarribian: Mitxelenaren tokian Beñardo jarri eta kito. Beñardo Elduaienen ondoren, 1965etik 1968ra "Gora Lujanbio eta..." abestu zuten; eta gaur egun "Gora Joseba eta...". Baina orain jatorrizkoaren erdia bakarrik kantatzen da, erdiko bi estrofak galduta. Horregatik, Ignazioren ekimenez, Hondarribiko txarangan saiatzen ari dira herritarrek kantua osorik ikas dezaten.
Kantua galdu
Eta Orion zergatik ez da ezaguna kantua? Zergatik galdu zen? Seguru ez dakigu. Hauxe da hipotesia: Antonio Marin, Aliron kantua Oriora ekarri zuena, musika bandaren zuzendaria izan zen 1926tik 1928ra. Ordukoa da Aliron. Erdarazko abesti berria nagusitu egin zitzaion Gora Mitxelena ta beraren koadrila... kantuari. Zergatik? Auskalo! Alironaren doinua alaiagoa delako, musika bandaren zuzendariak ekarria zelako, akaso egoera politikoak erdarazko kantua eskatzen zuelako...
Gerora, urte asko pasatuta, Alironak herrian duen karga sinbolikoa aintzat hartuta, euskaratu eta Karkararen bidez zabaldu genuen herrian: "Aliron, aliron, bandera da Orion! Ez dago oriotarrik kantu hau ez dakinik, ez dago mundun herririk bandera gehio dunik! Aliron, aliron, bandera da Orion!".
Orain dela ehun urte, 1925ean, Oriok bandera ekarri zuen Kontxatik. Aurten ere izango dira kantatzeko aukerak. Baina kantuak edozein kolore duela ere, errespetu osoz entzun dezagula denok ere!