Orioko Udalak uztaileko ezohiko udalbatzarra egin zuen asteazken arratsaldean. Zazpi puntuko zerrenda izan zuten hizpide bilkuran EH Bilduko eta EAJko zinegotziek. Bertan, bigarren hiruhileko berankortasun txostenaren eta udal aurrekontuen berri emateaz gain, puntu nagusi bat onartu zuten: udal kiroldegiaren eta beste edozein udal kirol eraikinen erabileragatik ezarritako prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketa.
Hori horrela, Karela kiroldegiko prezio publikoak berrikusi dituzte, hala nola kirol txartelaren eta kirol jardueren prezio publikoak. Kirol txartel mugatuaren kuotak, aldiz, iraileko udalbatzarrean zehaztuko dituzte.
Hasteko, kirol txartel arruntaren tarifak berdin mantenduko dituzte. Bestalde, kirol txartel arruntak baimena emango du, alde batetik, Karela kiroldegian sartzeko, eta bestetik, herriko beste edozein kirol instalaziotan sartzeko, baldin eta erabiltzailea kirol instalazio horiek erabiltzen dituzten kirol elkarteetako kirolaria bada, eta elkarteak baimena ematen badio. Kirol txartelak, gainera, aukera emango du prezio merkeagoa ordaintzeko udalak antolatutako bestelako jardueretan.
Eskainiko diren jarduerei dagokienez, udalak "bi orriko zerrenda amaigabea sinplifikatu" du: uretako ekintzak eta lehorreko edo aretoko ekintzak bereiztu dituzte, adin edota abonatu eta ez abonatuen tarifen arabera sailkatuta.
Noemi Ostolaza EAJko zinegotziak, herriko kirol eskaintzaren inguruan egiten ari diren aldaketen jarraipena egitea proposatu du. "Hilabeteak daramatzagu lanketa sakona egiten kirolaren esparruan. Sistema berria izanda, proposatu nahiko nuke herritarren batzordean balorazio bat egitea, matrikulazioak nola doazen ikusteko. Izan ere, perfil jakin batzuk erakarri nahi ditugu kirolera eta sistema berria eraginkorra izaten ari den jakin beharko genuke‘’.