"Emakumezkoak animatu nahiko genituzke arrantza txapelketetan parte hartzera"

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 29a, 12:38

Angi Ramos eta Raquel Mendez ama-alabak, ostiralean arrantzatutako arrainarekin Orioko kirol portuan. (Onintza Lete Arrieta)

Hamazazpi ontzik parte hartu dute Muskulilu Harria arrantza elkarteak antolatutako aurtengo arrain txiki txapelketan, eta horietako batean ibili dira lehiaketako emakumezko bakarrak: Angi Ramos eta Raquel Mendez.

Arrain txikien txapelketa jokatu zuten ostiralean Orion Muskuilu Harria arrantza elkarteak antolatuta, eta hamazazpi ontzik parte hartu zuten lehian. Asko herrikoak bertakoak ziren, baina inguruetatik ere gerturatu ziren arrantzaleak hitzordurako. Esaterako, Gipuzkoako barnealdetik, Ordiziatik eta Legorretatik, iritsi ziren lehiaketako bi emakumezko bakarrak: Angi Ramos eta Raquel Mendez ama-alabak. Porturatu berritan hitz egin zuten hedabide honekin.

Orioko kirol portuan edukitzen dute amarratuta itsasontzia, eta ostiralean goiz buelta egin zuten, "patroiaren laguntzaile bezala", zehaztu zuen alabak. "Aizu, baina geure lizentzia daukagu", esan zion amak, ondotik. Azaldu zuten ez zirela oso urrun joan, Donostia inguruan ibili zirela arrantzan, eta kabrarrokak eta dontzeilak harrapatu zituztela. 

Oso ondo pasatu zutela azpimarratu zuten biek. "Hori zen helburua", gaineratu zuten, aho batez. Ondo pasatu, eta baita garaikurra jaso ere, emakumezko irabazle gisa. "Ez dakit konpetentzia askorik izan dugun, baina tira", esan zuten, umoretsu. Aurreneko aldiz parte hartu dute txapelketa batean, eta gustura ziren esperientziarekin. "Jarduera polita da eta emakumezkoak animatu nahiko genituzke halako txapelketetan parte hartzera, nahiz eta laguntzaile gisa izan". Hortxe bota zuten hurrengo urterako erronka.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide