'Amets' ontzia nagusi arrain txikien txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 25a, 17:27

Muskuilu Harria arrantza elkarteak antolatuta egin dute lehiaketa gaur goizean hemezortzi partaidek, eta arrantzatutakoa pisatu eta sariak banatu ondoren, elkarrekin bazkaldu dute kirol portuan. Bihar goizean, berriz, Ibai Paredesen Oroimenezko Urpeko Arrantza Lehiaketa jokatuko dute.

Arrain txikien txapelketak baditu irabazleak: Amets ontziko Txema, Jos eta Antton. Hemezortzi ontzik parte hartu dute gaur goizean kirol portutik abiatuta egin duten txapelketan, eta itsaso mugituarekin aritu behar izan dute arrantzan. Itsasoaren egoeragatik ez da txapelketan izan hemeretzigarren ontzia, hain zuzen, Pasaiatik etortzekoa zen bat.

Beste partaide guztiek Orion hartu dute ontzia, nahiz eta batzuk Gipuzkoako beste herri batzuetatik etorri lehiatzera: Donostiatik, Hondarribitik, Hernanitik eta Goierritik, antolatzaileek zehaztu dutenez.

09:00etatik 13:00etara aritu dira arrantzan Mollarri eta Igeldo artean, eta arrantzatutakoa pisatu ondoren, sari banaketa egin dute. Gero, denek elkarrekin bazkaldu dute kirol portuan elkarteak duen egoitzan. Patata tortillak eta txorixoa eguerditik zituzten prest, eta gero sardinak eta saiheskia erre dituzte parrillan. Janik ez dute falta izan, elkartekoek azaldu dutenez, 24 kilo sardina baitzituzten prest.

Bihar urpekaritza lehia

Bihar ere izango da hitzordurik kirol portuan, Ibai Paredesen Oroimenezko Urpeko Arrantza Lehiaketa jokatuko baitute, Zarauzko Urpekoak elkarteak eta Muskuilu Harriak elkarlanean antolatuta.

Guztira 24 parte hartzaile izango dira kategoria horretan, eta horiek ere 09:00etatik 13:00etara bitartean arrantzatu beharko dute. 

Elkarrekin bazkalduz amaituko dute bihar ere goiz pasa.

(Argazkiak: Muskuilu Harria eta Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide