Atzo egin zuen aurreneko entrenamendua Beti Onak eskubaloi talde nafarrak, eta iaz bi oriotar baldin bazebiltzan talde horretan, aurten hirugarren bat batuko zaie: Maialen Orbañanos. Izan ere, nafarrek fitxatu berri dute aurreko denboraldian Zuazo taldearekin aritu den jokalari oriotarra. Hala, Libe Arruabarrena eta Laida Urbitarte oriotarrei hirugarren herrikidea batu zaie.
Beti Onak taldeak sekulako denboraldia egin zuen iaz, eta Erreginaren Kopako finaleraino iritsi zen. Bera Beraren kontra ez zuten irabazterik lortu, baina bai Europako Kopan lehiatzeko txartela. Klubarentzat aurreneko aldia izango da, eta ilusioz gainezka daude jokalariak eta zaleak.
Liga abuztuaren 30ean hasiko dute, etxean, Malagaren aurka, baina aurrez, abuztuan zehar lagunarteko hainbat partida jokatuko dituzte.