Beti Onak eskubaloi talde nafarrak aurreneko aldiz jokatu zuen igandean Erreginaren Kopako finala –Bera Beraren kontra–, eta aurrenekoa izan zen taldeko bi oriotarrentzat ere: Libe Arruabarrena eta Laida Urbitarte.
Finalaren ondoren, Gukari kontatu diote zer moduzko esperientzia izan den. Finalera taldea "oso-oso pozik" iritsi zela azaldu dute. "Taldea ez genuen urduri sumatu, baizik eta amets batean bezala geundela, eta hiru egun pasatuta, oraindik horrela gaude". Izan ere, finala "saria" izan da taldearentzat: "Azken fasera iristea bera nahikoa sari zela uste dugu, eta egin beharrekoa eginda genuela. Horregatik, presiorik gabe jokatu genuen igandeko finala, gogo askorekin eta gozatzeko intentzio osoarekin".
Bera Beraren aurkako finala 21-30 galdu zuen Beti Onak taldeak, baina esan dute azkenera arte borrokatu zutela. "Bederatzi goleko aldea nahiko tarte handia da, baina uste dugu taldeak ez zuela behin ere amore eman. Markagailua iraultzea oso zaila izan arren, batzuetan gertatzen da. Era guztietara saiatu ginen: zazpi jokalarirekin, seirekin, defentsa aldatuta... Gauzarik onena, ordea, horixe izan zen: taldeak ez zuela amore eman".
Aurkarien maila goraipatu dute Arruabarrenak eta Urbitartek, baina baita beraien taldeak egindakoa ere, kontuan hartuta hiru denboraldi bakarrik daramatzala Beti Onakek lehenengo mailan: "Bera Berak maila altua du, oso ohituta daude halako partidak jokatzera, eta guretzat meritu handia izan da finalera iristea, batez ere lehenengo egunean liderra kanporatu genuelako, eta bigarrenean, etxekoak kanporatuta".
Orain, oinak lurrean dituztela jarraitu nahi dute lanean denboraldia amaitu arte. Jakina da Bera Berak liga irabaziko balu Beti Onakek Europaran lehiatzeko txartela eskuratuko lukeela, baina ez dute horretan pentsatu nahi oraindik: "Guk gure lana egin behar dugu aurrena", esan dute, argi.