Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren hamargarren edizioa aurkeztu zuen hilabete hasieran. Iaz egin bezala, Deban, Zumaian, Getarian eta Orion izango dira emanaldiak. "Ondarea, musika eta erakarpen turistikoa eszenatoki apartetan konbinatzen dituen proposamen berezi" gisa bezala definitu du Goizane Álvarez Kulturako diputatuak.
Iazkoa bezala, aurtengo zikloa ere lau emanaldiz osatuko da. Debako Andra Mari elizan hasi zuten ibilbidea, Zumaiako San Pedro eta Getariako Salbatore parrokietatik igaroz. Azken emanaldia, aldiz, Oscar Rodriguez Pastora organistak eskainiko du bihar San Nikolas parrokian. Gainera, Buster Keaton zinemagile estatubatuarraren Sherlock jr. film isila emango dute, 20:00etan hasita.
Zikloko bi emanaldi ongintzazkoak izango dira aurten ere, Debakoa eta Oriokoa, hain zuzen. Lehenak Afagiren aldeko diru bilketa egingo dute; Oriokoa, berriz, Minbiziaren aurkako elkartearentzakoa izango da. Zikloa osatuko duten lau emanaldietarako sarrera doan izango da, baina bai Deban, baita Orion ere, aipatu elkarteentzako diru bilketa egingo dute.