San Nikolak elizak hartuko du Nazioarteko Flysch Organo Zikloko emanaldietako bat

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 2a, 15:00

San Nikolas elizako organoa.

Organoaren inguruan sortutako jaialdiak hamargarren edizioa beteko du aurtengoarekin. Elizetako organoak ezagutzera ematea duen jaialdia Deban hasiko da datorren larunbatean. Orioko emanaldia uztailaren 26an izango da, eta organo musikaz lagundutako film isil bat emango dute.

Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren hamargarren edizioa aurkeztu dute gaur. Iaz egin bezala, Deban, Zumaian, Getarian eta Orion izango dira emanaldiak. "Ondarea, musika eta erakarpen turistikoa eszenatoki apartetan konbinatzen dituen proposamen berezi" gisa bezala definitu du Goizane Álvarez Kulturako diputatuak.

Organoa publiko zabalarik erakusteko ekitaldi bezala sortu zuten zikloa duela hamar urte. Izan ere, aldundiak azaldu duenez, "askotan Gipuzkoako elizetan eta tenpluetan ezkututa" egon dira musika instrumentu horiek. "Ziklo honek lurraldeko ondare organistiko garrantzitsua nabarmentzen du, eta, aurten ere, organo-kontzertu sorta hau jarri dugu martxan, organoa instrumentu paregabea baita eta joko den tokirako sortuta baitago", gaineratu du Alvarezek. Horrekin batera, nabarmendu nahi izan du kostaldeko herrietan, uda ez dela hondartza bakarrik, "kultura ere bada, historia da, arima duten espazioetako musika da".

Flysch Organoaren Nazioarteko Zikloak lurraldeko eskaintza turistikoa eta kulturala aberasten duela ere adierazi du Alvarezek. Bere esanetan, "Gipuzkoan udaz gozatzeko proposamen desberdinen bila dabiltzan egoiliarrak eta bisitariak erakartzen ditu".

Lau emanaldi 

Iazkoa bezala, aurtengo zikloa ere lau emanaldiz osatuko da. Datorren larunbatean, hilaren 5ean, hasiko da Debako Andra Mari elizan. Quinmetal musika taldeak eta Santiago Banda organista zumaiarrak joko dute, 20:00etan hasita. 

Hilaren 13an, Zumaiak hartuko du lekukoa. San Pedro parrokian izango da emanaldia, 20:00etan, eta bi herrita izango dira protagonista: Mari Carmen Azpeitia organista eta Marixi Sesma klarinete jotzailea. 

Laura Moyano sopranoak, Jose Belmonte biolinistak, eta Miguel del Barco organistak joko dute uztailaren 20an, 20:15ean, Getariako Salbatore parrokian. 

Amaitzeko, Buster Keaton zinemagile estatuarraren Sherlock jr. film isila emango dute Orioko San Nikolak parrokian uztailaren 16an, 20:00etan hasita. Oscar Rodriguez Pastora organistak jarriko du musika

Zikloko bi emanaldi ongintzazkoak izango dira aurten ere, Debakoa eta Oriokoa, hain zuzen. Lehenak Afagiren aldeko diru bilketa egingo dute; Oriokoa, berriz, Minbiziaren aurkako elkartearentzakoa izango da. Zikloa osatuko duten lau emanaldietarako sarrera doan izango da, baina bai Deban, baita Orion ere, aipatu elkarteentzako diru bilketa egingo dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide