Emakume seniorren taldea omenduz ospatu du Orioko Futbol Taldeak bere eguna

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 22a, 11:24

Bazkari jendetsua egin zuten atzo herriko futbol klubekoek frontoian. Ohi bezala, sari banaketa eta zuzeneko musika eduki zituzten bazkalondoan. Mailaz igotzea lortu berri duen emakumeen taldea izan zen eguneko protagonistetako bat.

Denboraldi bikaina izan da hau Orioko Futbol Taldearentzat, bere bi senior taldeek urte askoan amestutakoa lortu dutelako: Ohorezko Mailara igotzea. Gizonezkoen taldeak lortu zuen aurrena igoera, eta merezitako festa egin zuten lorpena ospatzeko.

Emakumezkoen taldeak ere gogor borrokatu du igoeragatik, baina azken unera arte sufritu behar izan dute, beste taldeen emaitzen menpe zegoelako txartela. Azkenean, Zumaiako Futbol Taldea igo da Euskal Ligara, eta hark utzitako tokia hartu dute oriotarrek.

Oraindik klubean ospatu gabe zuten azken lorpen hori, eta atzoko eguna aprobetxatu zuten jokalari eta entrenatzaileei omenaldi xumea egiteko. Klubeko kide guztiak jarri ziren ilaran, taldekideak banan-banan txalotzeko. Txarangako bi kide ere bertaratu ziren, beren alea jartzera.

Izan ere, futbol klubak bere eguna ospatu zuen atzo, frontoian bazkari jendetsua eginez. Talde guztiak gonbidatu zituzten bazkaritara, eta ohi bezala, hainbat sari banatu zituzten. Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan zuten gero, DJ Hidalgoren eskutik.

Zuzendaritzaren izenean Gaizka Urangak eta Joseba Iribarrek hartu zuten hitza, eta denei eskerrak eman nahi izan zizkieten. Bai jokalariei, baina baita entrenatzaile, laguntzaile, boluntario eta guraso guztiei ere, denen parte hartzea behar-beharrezkoa delako klubak aurrera egin dezan eta halako emaitza onak lor ditzan. Izen asko aipatu zituzten, tartean, aurreko zuzendaritzakoenak. Bazkaritan ziren haiek ere.

Deskantsurako tarte bat hartu ondoren, laster murgilduko dira guztiak 2025-2026 denboraldiaren prestaketan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide