Aurten sanpedroak ohi baino egun bat lehenago hasiko dira

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 5a, 15:39

Iazko festetako txupinazoko une bat. (Aritz Mutiozabal)

Orioko Udalak oraintxe ohar bidez jakinarazi duenez, ekainaren 27an hasiko dira herriko festak, jai batzordeak hala proposatuta. Ekainaren 20an plazaratuko du udalak festetako programa.

San Pedro festetak ate joka dira, eta Orioko Udalak berritasun baten berri eman du oraintxe ohar bidez: aurtengo festak ez dira, ohi bezala, San Pedro bezperan hasiko, baizik-eta egun bat lehenago, ekainaren 27an, ostiralarekin. Txupinazoa arratsalde-iluntze partean botako da, festetako asteburuari hasiera emateko. Bukaera, berriz, San Pedro bigarrenean emango zaie, astelehenez.

Udalak azaldu duenez, txupinazoa egun bat aurreratzeko erabakia jai batzordearen bilera batean hartu zen, eta asteburua hobeto aprobetxatzea izan da horretarako arrazoi nagusia. Hala, herritarrek festez gozatzeko aukera zabalagoa izango dute asteburu osoan.

Ekainaren 20an plazaratuko du udalak festetako programa, eta esku-orri bat banatuko du etxez etxe, jarduera guztien xehetasunekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide