Hiru aste baino ez dira falta San Pedro festetak iristeko, eta Orioko Udala hasi da informazio pixka bat argitaratzen. Hala, gaur jakinarazi du ekainaren 28an herri bazkaria egingo dela Herriko Plazan –eguraldi "oso txarra" bada, frontoian–, eta bihar 16:00etatik aurrera salgai egongo direla txartelak Turismo Bulegoan. Egun hori Arrantzale eta Harrotasunaren Eguna izango da, eta egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Herri bazkariari dagokionez, udalak jakinarazi du pertsona bakoitzak bost txartel erosi ahalko dituela gehienez, eta hiru menu egongo direla aukeran:
- Lehenengo menua: entsalada mistoa, baserriko oilaskoa parrillan, txerri saiheskiak parrillan eta Eceizako pasteltxoak. Ogia, kafea eta edaria. 21 euro.
- Bigarren menua: entsalada mistoa, barazki menestra, lasagna beganoa eta fruta. Ogia, kafea eta edaria. 21 euro.
- Hirugarren menua (haurrak): iberikoak, urdaiazpiko kroketak, baserriko oilaskoa parrillan patatekin eta izozkia. Ogia eta edaria. 14 euro.