Aurten ere egingo dute Artisau eta Sortzaile Azoka Orion. Iragarrita bezala, igande honetan izango da, eta udalak gaur eman ditu azokari buruzko xehetasunak.
Guztira 30 postu jarriko dituzte Herriko Plazan eta Aritzaga kalean –iaz 28 etorri ziren–, eta herritarren eskura egongo dira hainbat motatako produktuak goiz parte osoan, 10:00etan hasi eta 14:00 arte.
Postu gehienak sortzaile gipuzkoarrenak izango dira, 20. Bizkaitik bost artisau etorriko dira, Nafarroatik lau, eta Arabatik bat. Iaz bezala, gipuzkoarren artean, noski, ez da faltako oriotarrik: Ostargi elkarteak jantziak eta osagarriak jarriko ditu, baita Goiuri Unanuek eta Aiora Arrozpidek ere; liburuxka txikiak salduko ditu Jesica Bordonik; zeramika piezak Isabel Mateos da Silvak; Antxon Mendizabal ere izango da bere egur-tailekin; eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek, azkenik, estanpatuak eta grabatuak eskainiko dituzte.
Postu gehienetan jantziak, osagarriak eta bitxigintza eskainiko dituztela azaldu du udalak, baina taloak, ogia eta gozoak, gazta eta eztia, loregintza, eta xaboi eta ukenduak ere izango dira salgai, baita gorago aipatutakoak ere.
Azokaren eraginez, 14:00etatik 15:00etara herritik irten ahal izateko ibilgailuek Txanka bidea erabili beharko dute, plaza ondoko bidea itxita egongo delako noranzko horretan.