Euri zaparradek atseden hartu dute gaur eguerdi partean, eta eguraldi polita lagun izan dute Orioko Udalak antolatutako artisau eta sortzaileen azokak nahiz erraldoi eta buruhandien kalejirak. Herritarrak gustura atera dira kalera bi ekitaldiez gozatzera; plazan, gainera, azokaz gain talo postua ere zabalik egon da.
Hogeita bederatzi postu ziren etortzekoak, eta batek huts eginda, hogeita zortzi jarri dituzte azkenean, Jon Agirresarobe Kultura teknikariak hedabide honi azaldu dionez. Postuetatik sei oriotarrenak izan dira: hiru postu jarri ditu Ostargi jostunen elkarteak, eta gainerakoak Mendi, Zorione Mendez eta Jon Alkain sortzaileek jarri dituzte. Iaz ere jarri zituzten postuak sortzaile horiek, eta Agirresaroberentat seinale ona da errepikatu nahi izate hori.
Eskuz egindako askotariko lanez gain –jantziak, osagarriak, bitxigintza, egur-tailla, xaboi eta ukenduak...– jakiak ere jarri dituzte azokan, ogia, opil eta gozokiak eta gazta, esaterako.
Plazako giroaren osagarri, Pello eta Nikolasa erraldoiek kalejira egin dute txistulari eta dultzaineroen laguntzarekin, eta gaurkoan ez dira bakarrik ibili, gainera, Lazkaoko (Gipuzkoa) Mari eta Basajaun erraldoiak ere etorri baitira kalejirara, eta buruhandiak ere ondoan ibili dituzte, herriko gaztetxoen gozagarri.