Hasi da aurtengo Euskaraldirako atzera kontaketa, eta Orion, Euskaraldia girotzeko antolatutako ekintzek indartsu hasi dute bidea. Atzo izan zen ekitaldietan aurrena: Hitanoa eta generoa XXI. mendean izeneko hitzaldia eskaini zuen Garbiñe Bereziartua ikertzaile azpeitiarrak iluntzean Salatxon, eta hogei lagun inguru elkartu ziren haren azalpenak adi-adi jarraitzeko.
Noka ikastaro laburrak ere herritarren interesa piztu du, eta dagoeneko herritar dezentek eman dute izena. Gaur bertan izango da bi saioetan aurrenekoa, 18:00etan Saregilen.
Eta bada arrakasta lortu duen hitzordu gehiago ere, txartel guztiak ahitu baitira datorren asteko kantu afarirako. Hilaren 16an izango da hori, Balea elkartean, eta ia 90 lagun elkartuko dira bertan afarirako eta ondorengo kantu saiorako. Imanol Urkizu oriotarrak gidatuko du saioa.
Euskaraldiko egitarau osoa hemen dago eskuragarri.
Txapak jasotzeko eta izena emateko aukera
Bestalde, lantaldeak gogorarazi du irekita dagoela Euskaraldian parte hartzeko izena emateko epea. Izena ematerakoan, aurreko urteetan bezala, bakoitzak aukeratu behar du zein rol hartuko duen Euskaraldian: ahobizi ala belarriprest. Horrez gain, aurten, parte hartzen duenak aukera izango du jantziko duen txapan adierazteko ea nahi duen besteek berari hika egitea edo ez. Horretarako, H txiki bat erantsi beharko dio Euskaraldiko txapari.
Lantaldeak antolatutako ekitaldi guztietan egongo da izena emateko eta txapa jasotzeko aukera. Horrez gain, Euskaraldiko lantaldeak mahaia jarriko du, besteak beste, maiatzaren 11n plazan egingo den artisau- eta sortzaile-azokan.
Kultur Etxean ere egongo da aukera bai izena emateko, bai txapa jasotzeko.