Euskaraldia 2025

Euskaraldiaren Orioko lantaldeak egitarau oparoa prestatu du datozen egunetarako

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 1a, 08:52

Imanol Urkizu, 2022an, panderoa jotzen eta abesten Herriko Plazan. (Onintza Lete Arrieta)

Maiatzaren 6tik 18ra kantu-afaria, hitzaldiak, noka ikastaroa, Hikadromoa eta Maialen Lujanbioren hitzaldi-errezitaldia izango dira herrian.

Sartu gara maiatzean, eta hasi da atzera kontaketa aurtengo Euskaraldirako, maiatzaren 15etik 25era izango baita aurten euskararen aldeko egitasmoa. Hain zuzen, atzo jakinarazi zuen Euskaraldiaren Orioko lantaldeak zer ekintza antolatu dituen datozen egunetarako. Egitarau oparo eta anitza prestatu dute, eta asteartean bertan izango da aurreneko hitzordua. Hitanoari eta generoari buruzko solasaldi batekin abiatuko dute Euskaraldiko programa. Amaitu, berriz, hilaren 18an, Maialen Lujanbioren hitzaldi-errezitaldi batekin.

Honakoa da egitarau osoa:

  • Maiatzak 6, asteartea: 19:00etan, Hitanoa eta generoa XXI. mendean izeneko hitzaldia, Garbiñe Bereziartuaren eskutik. Salatxo aretoan.
  • Maiatzak 7 eta 14: 18:00etatik 20:00etara, noka ikastaro laburra, Saregilen. Irekia da denentzat. Bina orduko bi saio praktiko izango dira AEK-ko Amaia Zalduaren eskutik. Izena eman behar da parte hartzeko, hemen.
  • Maiatzak 15, osteguna: 19:00etan, Nola egin ondo Euskaraldiaren ariketa izeneko hitzaldia, Ahize-AEK-ko Araitz Mugurutzaren eskutik. Salatxo aretoan.
  • Maiatzak 16, ostirala: 21:00etan, kantu-afaria Balea elkartean. Imanol Urkizuk dinamizatuta. Izena eman behar da parte hartzeko, telefonoz (627 638 776 – Ainhoa) edo emailez (baleaelkarteaorio@gmail.com). Txartelak Kepa Harategian ere badaude salgai.
  • Maiatzak 17, larunbata: 12:00etan Hikadromoa, Herriko Plazan. Orioko AEK-k bideratuta. Hika eta noka lagun giroan praktikatzeko aukera. Ez dago aurrez izena eman beharrik.
  • Maiatzak 18, igandea: 19:00etan, Maialen Lujanbioren hitzaldi-errezitaldia, elizako zimitorioan: RR-6 eRRe(AH)ala.

Txapak jasotzeko eta izena emateko aukera

Bestalde, lantaldeak gogorarazi du irekita dagoela Euskaraldian parte hartzeko izena emateko epea. Izena ematerakoan, aurreko urteetan bezala, bakoitzak aukeratu behar du zein rol hartuko duen Euskaraldian: ahobizi ala belarriprest. Horrez gain, aurten, parte hartzen duenak aukera izango du jantziko duen txapan adierazteko ea nahi duen besteek berari hika egitea edo ez. Horretarako, H txiki bat erantsi beharko dio Euskaraldiko txapari.

Lantaldeak antolatutako ekitaldi guztietan egongo da izena emateko eta txapa jasotzeko aukera. Horrez gain, Euskaraldiko lantaldeak mahaia jarriko du, besteak beste, maiatzaren 11n plazan egingo den artisau- eta sortzaile-azokan.

Kultur Etxean ere egongo da aukera bai izena emateko, bai txapa jasotzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide