Udalerrien arteko senidetzeak helburu nagusi bat du: zonalde geografiko eta politiko ezberdinetako bi herri edo hiri ezkontzea elkarren arteko harremanak eta kulturak partekatzeko. Europan sortu zen senidetzearen ideia, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta handik gutxira, eta Europako herriei elkar bateratzeko harreman gehiago eskaintzea zuen asmoa, elkarrentzat onurragarriak izango liratekeen proiektuak sustatzeko. Gaur egun, Europako Batasunak babesten ditu udalerrien arteko senidetze proiektuak: ofizialki, 1989an ezarri zituzten babespen ofizialak, eta 2003an, urteko hamabi milioi euro inguruko aurrekontua onartu zuten 1.300 senidetze proiektu finantziatzeko.
Urola Kostan asko dira beste udalerri hainbatekin ahaidetuta dauden herriak. Kasuistika bakoitza oso ezberdina da: herri batzuek herri batekin baino gehiagorekin dute akordioa; batzuen arteko harremana estuagoa da; beste senidetze batzuk lozorroan geratuta dira oso aspaldian; zenbait azken urteetan egindako ekitaldi bereziekin berreskuratu dituzte; eta, bada oraintsu senidetu denik ere. Esaterako, 2023an, Zestoak eta Urepelek (Nafarroa Beherea) hasi zuten bidea.
Eskualdeko herriek beste herri batzuekin lotura egiteko arrazoiak, asmoak eta estrategiak askotarikoak izan ziren, baina hauek dira gaur egun, Urola Kostako herriek martxan dituzten ahaidetzeak: Azpeitia eta Hazparne (Lapurdi); Orio eta La Guera (Sahara), Orio Canavese (Italia) eta Saint Ciers sur Gironde (Frantzia); Getaria eta Getaria (Lapurdi); Zarautz eta Cardano al Campo (Italia), Pontarlier (Frantzia) eta Hagunia (Sahara); Zestoa eta Urepele ez ezik, Bir-Zeite (Palestina); eta Zumaia eta Zumaglia (Italia) nahiz Zug (Sahara).
Akordio horietako asko 90eko hamarkadaren hasieran eginikoak dira, eta garaiko udal gobernuek zehaztutako helburuak urruti geratuta dira, urteen joanarekin eta agintean egon diren hainbat aldaketa politikoren ondorioz. Hori dela eta, hainbat kasutan, gainera, hainbat udalentzat ez da erraza izan senidetze akordioen agiriak bilatze hutsa ere. Azken finean, familietan gertatzen den moduan, senide batzuekin feelling hobea izan ohi da, eta batzuekin eta besteekin desberdinak izan ohi dira harremanak.
Sahararekin elkartasuna
Sahararekin eginiko elkartasun senidetzeen artean ezaguna da Zumaiak Zug herriarekin duena, 1994an adostua, Rikardo Peña alkate zela. Ezaguna, batik bat, Darahli elkartearen bitartez, Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetara herriko ikasleekin hainbat kooperazio bidaia antolatu dituztelako urte luzez Zumaian. Aurten ere joango dira 50 boluntario inguru Aste Santuaren inguruan Saharara, astebetez lan komunitarioak egitera.
Zarauzko kasuan, Gema Gonzalez de Txabarri zinegotzia Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan izan zen 1996an, hainbat udaletako ordezkariekin batera, Euskal Funtsak antolatutako bisita instituzionalean. "Saharari eginiko elkartasun keinu gisa, Zarautzen eta Haguniaren arteko senidetza gauzatu zen bisita hartan", gogora ekarri du Zarauzko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotzi Jesus Aranak. Urtebete lehenago, apirilaren 5an, Orio eta La Guera senidetu ziren; eta bost urte geroago, akordioa berretsi zuten garaiko Jose Miguel Makazaga eta Mohamed Shalem alkateek.
Zarauzko udalbatzak 1996ko maiatzean onartu zuen aho batez Haguniarekin senidetzea. Ordutik, Aranak kontatu duenez, udaleko kooperazio arloaren, Euskal Funtsaren eta Saharautz elkartearen bitartez, hainbat ekimen, kooperazio proiektu eta diru laguntza bideratu dituzte hara. Halaber, Aranaren arabera, bi herrien arteko harremana mantentzeko "erabat beharrezkoa" izan da Saharautz elkartearen lana, haien bitartez egin baitituzte, gehien bat, lankidetza proiektuak eta sentsibilizazio egitasmoak.
Arabiar herrialdeekin jarraituz, Zestoa Palestinako Bir-Zeit herriarekin ahaidetu zen 2009an; Ramallahtik oso gertu dago (Zisjordania) herri hori. Yousef Nasser eta Alazne Olaizola alkateek sinatu zuten akordioa, urte hartako apirilaren bukaeran, Bir-Zeiteko ordezkariak Euskal Herrira eginiko bisitan. Ondoren, aldaketa politikoak izan ziren zonalde hartan, eta une honetan, bi udalerrien arteko harremanak etenda daude.
Iparraldearen orena
Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko loturak estutzeko ahaleginean, elkar maite dutela esateko hautua hartua dute azken bi urte hauetan Zestoak eta Urepelek. Azpeitiaren eta Hazparneren arteko ezkontza, aitzitik, aspaldikoa da. 1983-1984 urteetan hasi zen bi herri horietako udalen arteko harremana; sasoi hartan, Imanol Elias zen Azpeitiko alkatea. Hiru urte geroago, 1987an, bi udalerriak ofizialki sendidetu ziren, horretarako egin zuten ekitaldi batean. Beraz, Azpeitia-Hazparne da eskualdeko anaitze akordiorik zaharrena, eta Zestoa-Urepele, berriz, berriena.
Azpeitiaren eta Hazparneren artekoa "harreman pertsonaletatik" abiatutako senidetzea izan zela iritzi dio Leire Goenaga Azpeitiko alkateordeak, baina, halaber, "hego eta ipar Euskal Herria lotzeko" asmoz egina ere bai; izan ere, "badu irudi sinboliko bat" ahaidetze horrek, "bi herrien arteko elkarlanarekin Euskal Herria irudikatzekoa". Zentzu horretan, akordioa "konpromisoak hartzea" izan zela zehaztu du Goenagak.
Gaur egun, Hazparneko Udalarekin baino harreman handiagoa dute hango Senidetze Batzordearekin. "Egia esan, elkarren arteko harremana egitasmo zehatzetara mugatzen da", jakitera eman du alkateordeak. 2017an, esaterako, bi udalerrien bateratzearen 30. urteurrena ospatu zuten, eta ekintza bereziak antolatu zituzten horren harira. "Udal korporazioa Hazparnera joan zen, eta akordioa berritu zuten. Era berean, Gernikako arbolaren kimu bat eraman zuten Azpeititik, eta han landatu zuten, baita plakatxo bat jarri ere". Bestalde, Azpeitian, Zelai Luzen, beste arbola bat landatu zutela ere gogorarazi du hark.
Senidetze Batzordearen bitartez, hartu-emanak aurrera eramaten saiatzen dira, zenbait egitasmo eginda, hala nola ikasleen trukeak eta musika bandaren zein pilota elkartekoen harremanak. "Horiek saiatzen dira harremanak herrira eta eragileen artera modu naturalean zabaltzen". Oro har, harremanari eustea, baina, kostatu egin dela esan du Goenagak, nahiz eta 2017an, urteurrenaren aitzakian, saiatu ziren ahaidetzeari berriro heltzen. "Aurrera begira horretan saiatu beharko genuke, baina akordio batetik haratago, sinbolikoki irudikatu behar da bi herrien arteko senidetzea. Adibidez, Korrikaren azken edizioan hango udal ordezkariekin batera egin genuen lasterka".
Getaria izen bereko Lapurdiko udalerriarekin dago senidetuta, "duela urte pila batetik". Halaxe azaldu du Haritz Alberdi alkateak, 90eko hamarkadari erreferentzia eginez. "Azkenekoz, duela bi urte inguru izan ginen han. Festa moduko bat antolatzen dute, eta hara gonbidatu gintuzten, dantzak ikustera eta abar", gogora ekarri du. Egiari zor, bi herrien arteko harremana Mundubiraren barruko ekitaldiei esker berreskuratu zutela aitortu du Alberdik: "Elkanoren lehorreratzean gurera etorri ziren, eta ondoren, hara joan ziren hainbat getariar. Gainera, gero, herriko haurrekin irteera egin zuten Lapurdiko herrira".
Orain, ordea, senidetzearen kontua albo batera utzita dutela esan du. "Berriro utzita dugu elkarren arteko harremana. Lastima da, polita baitzen bi udalerrien arteko hartu emana. Kontua da harremana folkloreaz harago joatea, eta kulturalki zein historikoki elkar lotzea. Betiere, zentzua daukan zerbaiten inguruan, baina ez dantzarekin eta kantuarekin bakarrik", egin du azpimarra Getariako alkateak. Ikuspegi hori kontuan hartuta, haren ustez, bi herrietako haur euskaldunek elkar ezagutzeko ere baliatu beharko litzateke harremana, baita bi herriak batzen dituzten gauzak partekatzeko ere; besteren artean, hizkuntza eta kultura.
'Vive la France!'
1994an sinatu zuen Zarauzko Udalak, Antonio Alberdi alkate zela, Pontarlier herriarekin senidetze akordioa. Iaz, 30. urteurrena ospatzeko, Zarauzko ordezkaritza bat Frantziako udalerri horretan izan zen irailean, eta ondoren, urrian, handik bidaiatu zuten Zarautzera. "Bi herrien arteko harremana mantentzeko, eta, etorkizunean, elkarlanean jarraitzeko apustua berresteko balio izan zuten ospakizunek", adierazi du Irune Urbieta Zarauzko Hezkuntza zinegotziak.
Baina atzera joan eta abiapuntuari so eginez gero, nondik dator akordio horren sorburua? Hala azaldu du zinegotziak: "Senidetzea sustatu zuen pertsonetako batek, amaren aldetik, familia euskalduna zuen Pontarlierren, eta han inguruko udalekin harremanetan jarri zen. Garai hartan, Ramon Ugarte alkate zenak zinegotzi hari eskatu zion senidetzea gauzatzeko. Ugarte Lizardi Institutuko guraso elkarteko kide ere bazen sasoi hartan, eta haren bitartez lortu zuten harremana bideratzea".
Harrezkero, hiru hamarkada igaro dira, eta urte hauetan guztietan, Pontarlierreko Xavier Marmier lizeoak eta Zarauzko Lizardi institutuak eutsi diote senidetzearen "suari", Urbietaren esanetan: "Haiek gabe, bi herrien arteko senidetzeak ez zukeen gaur egun duen indarra izango". Hasieran, bi urtez behin, kulturari lotutako ikasle trukeak egiten hasi ziren, eta elkarren arteko harremanak hobetzen joan ahala, ohartu ziren kirola ere izan zitekeela bi udalerriak batzeko beste elementuetako bat. Hala, kulturaren aitzakian egiten dute trukea, eta, hurrengoan, kirolari lotuta.
Oriok ere senidetze harreman berezi bat egin zuen 90eko hamarkadaren hasieran, Frantziako Saint Ciers sur Gironde herriaren eskariz. Hainbat urtez hartu-emanak izan eta hara-hona bisitak egin ondoren, ezerezean geratu ziren ordura arte eginiko akordioak.
Bidean galdu direnak
Eskualdeko herrien senidetze zerrendaren barruan badira etenda geratu diren harremanak. Aspaldi elkarren berririk ez dutenak eta elkarren arteko akordioak aurreko mendeko sourvenir ahaztu moduan geratu direnak. Zumaia izen antzekoa duen Italiako Zumagliarekin ahaidetu zela dio Zumaiako Turismo bulegoko webguneak, baina batean eta bestean galdetuta, ez dago oso argi hala al den; izan ere, ez dakite senidetzea sinatu ote zuten eta akordiorik izan bazen noiz egin zuten. Bi udalerrien artean ez dago gaur-gaurkoz erlaziorik. Atlantidak baino misterio handiagoa du kontuak.
Gainera, Italiarekin jarraituz, Orion eta Zarautzen ahaidetzearen jarraikortasun ezaren beste bi adibide ere badira. Zarauzko Udalak Cardano al Camporekin senidetzea sinatu zuen 90eko hamarkadaren hasieran, eta hasieran egin zituzten bidaia instituzionalak, bi norabideetan. Denboraren poderioz, ordea, ez diote batere jarraipenik eman hasi zuten harreman hari. Orio, berriz, Orio Canavese herriarekin senidetu zen duela hainbat urte, eta bi herri horiek ere ez dute elkarren berririk aspaldian. Izen bereko bi herri zirelako senidetuko zire uste dute, eta badakite 1995ean sinatu zutela akordioa; lehenik, Italian, eta ondoren, Orion. Hortik aurrera, ez zuten berriro elkar ikusi bi herrietako ordezkariek.
Horrez gain, Zumaiak beste bi udalerrirekin senidetzeko saiakerak egin zituen duela 25 urte inguru, baina azkenean ez ziren aurrera atera. San Telmo jaiak ardatz hartuta, Pontevedrako Tuy (Galizia) eta Palenciako Fromista (Espainia) herriekin senidetzeko urratsak egin zituen arren, ezerezean geratu ziren asmo guztiak.