Herrien arteko senidetzeak

Hitzarmena hirutara eta Bordeleko ardoa

Aritz Mutiozabal 2025ko mai. 5a, 09:00

Eskualdean egin izan diren senidetze akordio gehientsuenak Urola Kostako udalerrien eskariz gauzatu dira, baina Orioren eta Saint Ciers sur Gironderen artekoa alderantziz gertatu zen. 1993an egin zuten hitzarmena bi herriek, Jose Miguel Makazaga eta Daniel Picotin alkateen bitartez, baina, kasu hartan, frantsesak izan ziren senidetzeko proposamena egin zutenak. "Bordele inguruan dagoen herri bat da, eta mahastiak ditu. Haiek hemen inguruko herriren batekin senidetzea nahi zuten, eta, horrela, nire susmoaren arabera, beren ardoa sustatu", azaldu du Orioko euskara teknikari Jabier Zabaletak. Badirudi Saint Cierseko garai hartako korporazioak Donostian kontakturen bat bazuela, eta antza, hark aipatu zien Orio herri egokia izan zitekeela xede horretarako. Hala, Orioko Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta horrela abiatu zen elkarren arteko harremana.

Oriok eginda dituen hiru senidetzeen artean oparoena izan da, zalantzarik gabe. 1993an bertan hasita, senidetze ekitaldi ofizialak han eta hemen egin zituzten: maiatzaren 29an, Saint Ciers sur Gironden, eta abenduan, berriz, Orion. Beraz, hasieran, joan-etorriko bisitak egin zituzten herritarrek aipatu ekitaldietara. "Gogoan dut frantsesak etorri ziren asteburu hartan, haiek etxeetan hartzeko deialdia egin zutela herrian", dio Zabaletak.

Bi urte geroago, 1995ean, beste ekitaldi bat antolatu zuten Saint Ciersen, eta Oriotik herritar talde bat joan zen hara autobusez. Ostiral batean abiatu ziren eta igandean itzuli, eta dantzariek erakustaldia eta Salatxo abesbatzak kantaldia eskaini zuten. "Uste dut han egiten den azoka ezagun baten aitzakian joan zirela asteburua pasatzera. Jarduera ofizial batzuk egin zituzten, eta gero, eguneko ekitaldietan parte hartu zuten", zehaztu du.

Bi udalerrien artean sinatutako agirien artean bitxia da 1997koa. Berriro ere, Orioko ordezkaritza bat Saint Ciersera joan zen asteburu batez hiruko akordio bat sinatzera. Kontua da Frantziako udalerria Espainiako Sevilla la Nueva izeneko herriarekin ere senidetu zela urte haietan, eta hiru herriek sinatu zuten elkar trukeen inguruko agiria 1997ko bisita hartan. Hiru urtez behin halako topaketak egiteko konpromisoa hartu zuten hiru udalerriek, baina hitzorduek ez zuen inolako segidarik izan.

Saint Ciersekin nolabaiteko harremana izaten jarraitu zuen Oriok, baina jada harreman horiek "norabide bakarrekoka" direla zehaztu du Zabaletak. "Hainbat urtez antolatu zen Bordeleko ardoaren azoka Orion, senidetze horren anparoan. Orioko zinegotziek adiskidetza egin zuten hangoekin, eta erlazio horretatik sortu zen azoka". Gutxienez, lau bider egin zen, Ikastolaren aurreko zabalgunean, 2002tik 2005era. Egitasmoak arrakasta handirik ez zuela izan dio oriotarrak, garestiak izateaz aparte, Euskal Herrian Errioxako ardoa edatera ohituago dagoelako jendea. 

Senidetzeari buruz jasota dagoen azken erregistroa 2005ekoa da, eta, nonbait, orduan, Saint Ciers inguruan arte plastikoen erakusketa bat atondu zuten. Horren karietara, Orioko ikasleei deialdia egin zieten, margo lehiaketa batean parte hartzeko eta beren lanak ondoren erakusketa hartan erakusteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide