Nola sortu zen Urepelekin senidetzeko ideia?
Senidetzeko diru laguntza lerro bat dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantiarreko Departamentuak bultzatutakoa, eta hori baliatu genuen Zestoa-Urepele proiektua aurrera eramateko. Guztira, 50 proiektu inguru aurkeztu ziren, eta bozkatuenen artean geratu zen gurea. Laguntzak aurreratu egin zuen prozesua, 2023rako proiektua aurkeztu behar izan genuelako; iazko urtea izan zen biziena, ospakizunena.
Baina bi herrien arteko harremana aurretik zetorren, ezta?
2020an haustekundeak izan ziren Ipar Euskal Herrian, eta euskal alderdi batek irabazi zituenez, horrek erraztu egin zuen guztia. Hori horrela, harremanetan jarri ginen Urepelerekin. Pandemia garaian, apur bat hoztuta geratu zen kontua, baina azken urte hauetan gauzatu ahal izan dugu bidea.
Zer helburu zehaztu zenituzten bateratzearekin?
Senidetzeak folkloretik baduen arren, haratago joan nahi genuke. Bi herrietako bertsolari bana –Uztapide eta Xalbador– kontuan hartuta, Herria da gorputza, hizkuntza bihotza leloa jarri genion senidetzeari. Krisi asko ditugu gaur egun, eta horiekin guztiekin bat eginik, bi herrirekin kultura bat osatzea da asmoa. Horrez gain, egun hezkuntza sistemak asetzen ez dituen hainbat kontu hausnartu nahiko genituzke elkarrekin, euskaldunak garen heinean. Elkarren berri jakin, behintzat; izan ere, zoritxarrez, urrutikoaz gehiago dakigu gertukoaz baino. Bestalde, bertsolaritza ere presente izan zen iazko ospakizunetan, eta Pako Aristik Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua argitaratu zuen. Bizitasun berarekin jarraitzea zaila izango da, baina gauzak egiteko gogoz gaude. Espero dugu urtero jardueraren bat antolatu ahal izatea.
Aurtengorako zerbait prestatu al duzue?
Iaz Zestoa-Urepele mendi ibilaldia osatu genuen hainbat etapatan banatuta, eta horri buruzko webgune bat sortuko dugu. Xalbabide izena jarri genion ibilbideari, eta etapa bakoitzaren nondik norako guztiak zehaztasunez jasoko ditugu modu digitalean, track eta guzti. Bestalde, nahiko genuke Zestoako eta Urepeleko haurrak harremantzea; horretarako elkar trukea egitea eta horri jarraipena ematea.
Hain zuzen, bi bertsolarien arteko harremana izan zen senidetzeko oinarri nagusia, ezta?
Euskal kulturaren bi pertsona garrantzitsu izan ziren Uztapide eta Xalbador. Bertsolari gisa apartak izateaz gain, elkarren artean harreman berezia zeukaten; elkarri botatako bertsoak dira horren adibide, eta epika pixka bat ere badu kontuak,1967ko txapelketako txistu haiek tarteko. Abiapuntua hori izan zen, baina ez gara horretara bakarrik mugatu. Zestoa gune industrial batean dago kokatuta, eta gure baserriak galdu egin ditugu, gure elikadura sistema propioa ere bai; aldiz, Urepelen horri guztiari eutsi egiten diote. Alde horretatik, badugu zer ikasi, gure aldean lurrari lotuago bizi direlako han.
Senidetzeaz zer-nolako balorazioa egingo zenuke?
Oso positiboa izan da. Urepele Xalbadorren heriotzean abestiari esker da ezaguna Euskal Herrian, baina ohartu naiz jende askok ez zekiela Ipar Euskal Herriko zein lurraldetan zegoen ere. Orain, behintzat, zestoar denek dakite Nafarroa Beherean dagoela. Azkenean, herri bat gara, nahiz eta administratiboki zatituta egon, eta etorkizunera begira, Zestoako eta Urepeleko haurrak elkarrekin harremanetan jarri nahi ditugu, hizkuntza bat daukagulako eta geurea zaindu egin behar dugulako.