Pasai San Pedron abiatu dira gaur 11:00etan Gipuzkoako Trainerilla Liga eta Gipuzkoako Federazio Kopa, eta Orio Arraunketa Elkarteko bi ordezkariek lan bikaina egin dute. Ligan, gizonezko absolutuek lortu dute garaipena bigarren helmugaratu den Donostiarrari hemeretzi segundoko aldea aterata. Oriok 13:49;07 denbora egin du, eta Donostiarrak, 14:08;58.
Oriotarren B ontziak ere lan ona egin du, eta bigarren izan da Kopako aurreneko jardunaldian, San Juan B ontziaren ondotik helmugaratuta. Lau segundoko aldea baino ez da egon bien artean: 14:23;70 denbora egin dute irabazleek, eta 14:28;31, oriotarrek.
Egun ona izan da hau klubarentzat, aulki mugikorreko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere irabazi egin baitituzte Orioko gizonezko absolutuek, goizean Legution jokatutako estropadan. Hemen ikus daitezke emaitzak eta argazkia.
Trainerillen hitzordu guztiak
Egunotan izango da arraun hitzordu gehiago ere: larunbatean, maiatzak 3, 16:00etan Hondarribin trainerillak izango dira, baita igandean ere, 11:00tan Getarian. Arratsaldeko 17:30ean, berriz, Zumaian jokatuko da San Telmo Trainerilla Saria, eta klubak jakinarazi duenez, oriotarren gizonezko talde bat hantxe izango da. Estropada hori, baina, Ligatik eta Kopatik kanpokoa da.
Datorren astean amaituko dira trainerilletako Liga eta Kopa, maiatzaren 10ean, larunbatarekin, jokatuko baita laugarren eta azken jardunaldia, Mutrikun (Gipuzkoa).
Hurrengo egunean, hilaren 11n, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Pasaian, eta handik astebetera, hilaren 18an, Euskadiko Txapelketa izango da Ondarroan (Bizkaia). Azkenik, Espainiako Txapelketa maiatzaren 24an eta 25ean jokatuko da, Galizian, A Proba do Caramiñalen.