Erruleta, jan-edana eta musika, estropaden atariko

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 12a, 13:52

Nazioarteko XX. Estropadak izango dira arratsaldean errioan, eta eguerdi partean erruleta jarri du Arkupek, eta jan-edan postuak Euskal Parrillakek. OAEko arropa erosteko aukera ere egon da eta Kitadelpare txaranga ibili da kalez kale.

Egun berezia da gaurkoa herriko arraun zaleentzat, 18:00etan hasita Nazioarteko XX. Estropadak jokatuko dituztelako errioan. Horregatik, Orio Arraunketa Elkarteak eta herriko zenbait eragilek egun osoko egitaraua prestatu dute. Eguerdian, esaterako, Arkupek erruleta saioa egin du Herriko Plazan, eta berehala sortu da ilara luzean bertan parte hartzeko. Astean zehar dendari elkartearen saltokietan kontsumitu dutenek tiketak lortu dituzte erruletan jokatzeko, eta zortea izan dutenek sari txiki nahiz handiak eskuratu dituzte: batzuk arraun klubak eman ditu, eta beste batzuk, Arkupek berak, esaterako, hasi sakelako telefonoentzako babesgarrietatik, eta lau lagunentzako otorduetara nahiz hainbat motatako bonoetara arte.

Aldi berean, Euskal Parrillaren eskutik jan-edanaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek, parrillan erretako berdel pintxoak eskaini baitituzte. Arraun klubak arropa postua ere jarri du, eta musika doinurik ere ez da falta izan, Kitadelpare txaranga ibili baita kalez kale.

Estropadak 18:00etan hasiko dira, eta ondoren, plazan jan-edana, sari banaketa eta omenaldiak izango dira. Eguna amaitzeko, berriz, Bide Batez erromeria taldeak kontzertua eskainiko du 21:00etan plazan, eta gauerdian, Bon DJaren emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide