Goizean egin bezala, herri bazkariaren ondoren, kalejira mozorrotua egin dute oriotarrek Herriko Plazara herriko txaranga lagun zutela. Inauterietako erdigune bilakatu plaza arratsaldean. Txurrumuski Kultur eta Aisialdi Gazte Elkarteak antolatuta, kantu, dantza, koreografia eta mozorro festa egin dute, eta agerian geratu da askok etxetik ongi prestatu eraman dituztela lanak. Irudimen handiko kuadrilak atera dira aurten kalera, beren karroza itxuroso eta guzti, baita ikuskizuna propioarekin ere.
Txurrumuskikoak ere ez dira nolanahi atera kalera. Oriotik Benidormera joateko asmoa duten jubilatu taldea irudikatu dute, eta egoerarako autobus gorri bat landu dute. Baina beraiek ez dute parte hartu: haien lana herritarrak girotzea izan da. Gisa horreta alaitu dute jaia, egitasmoa aurkeztuz eta epaile lanak eginez.
Hiru sari eman dituzte, Arkupe merkatarien eta ostalarien elkartearekin lankidetzan. Karroza onenaren saria, eta, beraz, saskia, Zarate Planeta kuadrillarentzat izan da; etorkizuneko musika futuristaren ideia planteatu dute esfera itxurako karroza batekin. Lehen saria, Vilafrancako Castellersak irudikatu dituztenentzat; plazaren erdian, hainbat dorre egin dituzte etxeko txikien parte hartzearekin; eta bigarren saria, Eraztuna Noizko taldearentzat; hauek ezkontza bateko giza tarta bat egin dute. Lehen saria Arkupeko dendetan eta tabernetan gastatzeko 100 euroko bonoa izan da, eta bigarren saria, berriz, kaxa bete litxarreria.