Inauteriak 2025

Jantzi bat ala beste soinean, mozorro giro ederra sortu da goizean

Gorka Eizagirre

Herritarren irudimena bor-borka dago gaur Orion. Ezkontzako tartaz batzuk, agurez edo castellersez besteak, giro ederra sortu da herriko kaleetan inauterien aitzakian. Arratsaldean jarraituko du festak.

Inauteriek herritarren irudimena piztu dute gaurkoan Orion. Goizean, desfilea egin dute Bikamiota eta Kosta Tailerraren paretik abiatuta, eta herritar ugari animatu dira mozorro festan parte hartzera. Ezkontzako tartaz batzuk, agurez edo castellersez besteak, giro ederra sortu da herriko kaleetan.

Eguerdian, herri bazkaria egingo dute pilotalekuan, eta, bazkalostean, musika nagusituko da herriko txarangaren eskutik; hain justu, kalejira egingo dute Herriko Plazara. 17:30ean, kantu, dantza, koreografia eta mozorro festa egingo dute, Herriko Plazan bertan, eta, gero, sariak banatuko dituzte. 19:00etan, Matraka elektrotxarangak alaituko du giroa, eta hala nahi duenak, goizaldera arte luzatuko du festa.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide