Orioko Udaleko hamahiru zinegotziek lau puntu jorratu zituzten atzo arratsaldeko ohiko udalbatzarrean, eta guztia aho batez onartuta gelditu zen.
Horien artean, laugarren puntuan, lehen onarpena ematea zegoen Orioko udalerriko babes akustiko bereziko eremuaren izendapenari: hau da, ekintza-planari.
Jon Carrera udal idazkariak azaldu zuen, labur, zein diren plan horretan proposatzen diren neurri nagusiak: N- 634 errepidearen abiadura orduko 50 kilometrotik orduko 30 kilometrora jaistea –hau da, Aita Lertxundi kalean–, baita pantailak jartzea ere A-8 autobidean, zubian, eta bertako zoladura aldatzea, kalitate akustikoaren egungo egoera hobetzeko.
Antza, aldundiak aurreikusten du hobekuntza horiek egitea autobideko zubian, baina ez dago datarik, erakunde horrek ez baititu lehentasunezkoen artean sartu.
Dena den, planak jasotzen du neurri nagusiak aurreikusitako eraikinen eraikuntzan hartu beharko direla –esaterako, Arin&Enbil eta Gureak eraikinetan egingo dituzten etxebizitzetan– dagozkien fatxadetan beharrezko isolamenduak aurreikusiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 dekretuan ezarritako neurketak eginez, etxebizitzen barruko kalitate akustikoa bermatzeko.
Hasierako onespena eman ondoren, espedientea jendaurrean jarri beharko da 30 lanegunez –udalaren wegunean ere jarriko da ikusgai datozen egunetan–, eta gaian eskumena duten erakundeei bidali beharko zaie, hala badagokio, bidezko alegazioak egin ditzaten. Ondoren, ekintza plana osatu, eta berriz eramango dute udalbatzarrera, behin betiko onartzeko.
HAPOa lantzean egindako azterketaren emaitza
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) lantzen denean –Orioko Udalak abenduan onartu zuen HAPO berria–, bertan identifikatu behar izaten dira bizi kalitate egokia bermatzeko legeak finkatzen dituen estandar akustikoak betetzen ez dituzten guneak, eta horretarako, Orioko Udalak herriko azterketa akustikoa egin zuen kanpoko enpresa batekin.
Hala identifikatu zituzten autobidearen albo banatara dauden etxebizitza guneak eta N-634 errepideak zeharkatzen duen Aita Lertxundi kalea.
Orain, azterketa horretan oinarrituta, udaleko bulegoko teknikoak ekintza plan bat proposatu du, Olatz Santamaria alkateordeak Gukari azaldu dioenez.