Eusko Gudari kaleko etxebizitzak eta frontoiak eraitsiko dituzte aurki, etxebizitza berriak, garajeak, lokal komertzialak eta erabilera publikoko espazio berri bat eraikitzeko. Partzela horren % 20,32 udal jabetzakoa zen, baina atzoko ezohiko udalbatzarrean aho batez erabaki zuten besterentzea. Eraikiru SL enpresa aurkeztu da lehiaketa publikora, eta baldintzak betetzen dituela egiaztatuta, harena izango da orain artean udalaren jabetzakoa zen zatia.
Olatz Santamaria Hirigintza zinegotziak azalpenak emateko baliatu zuen atzoko bilkura. Pozik agertu zen zabalguneari irtenbide bat emateko pausoa emateagatik. Izan ere, "ordenantzaz kanpo denbora asko" zeramanez, mantenu lan minimoak izan dituela azaldu zuen, eta ondorioz, eremua degradatzen ari zela. Horren adibide da, Santamariaren ustez, Eusko Gudari 36 eraikina eraitsi izana eta 38ko eraisteko erabakia.
Eraikiruk hilabeteetako lana izango du lanekin hasi aurretik, eta bitarte horretan, frontoia erabilgarri izango dela ere argitu zuen Hirigintza zinegotziak. Obrak hasi baino lehen udalak jakinaraziko duela ere gaineratu zuen.
Zabalguneko proiektua gogorarazi zuen Santamariak, bide batez: 24 etxebizitza eraikiko ditu Eraikiru SLk eremu horretan, gaur egungo etxebizitza lerroa errespetatuta. Mendebaldera eta ekialdera izango dituzte leihoak –gaur egungo etxebizitzek pilotalekuaren pareta dute ekialdean–. Pilotaleku estalia gaur egungo toki berean kokatuko dute, baina frontisa hegoaldera izango du, gaur egun duenaren kontrara, eta gainerako eremua espazio publikoa izango da.
Sotoetan aparkalekuak izango dituzte, eta beheko solairuak erabilera komertzialera bideratuko dira. Proiektuaren zirriborroa ikus daiteke ondorengo irudietan, baina behin betiko proiektuak zehaztuko ditu xehetasun guztiak.