Pellok eta Nikolasak lagun berria izango dute 2025ean

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 28a, 08:05

Orioko Erraldoiak konpartsakoak, sanikolas hauetako lehenengo eguneko talde argazkian. (Onintza Lete Arrieta)

Vilafranca del Penedes herriko Aliga figura oinarri hartuta, Mirotza figura sortzea da Orioko Erraldoiak konpartsaren asmoa. Sanpedroetan aurkeztu nahi dute, dantza eta guzti. Aurreneko lana figura eraikitzea izango da, eta ondoren, izen-ematea zabalduko dute.

Sanikolasetan herriaren omenaldia jaso zuten Orioko Erraldoiak konpartsako kideek Pello eta Nikolasa erraldoiekin eta buruhandiekin egiten ari diren lanagatik. Jantzi edo uniforme berriak aurkeztu zituzten orduan, baina badute beste proiektu bat eskuartean: Mirotza figura sortzea eta sanpedroetan kalejiran ateratzea, bere dantza propio eta guzti.

Vilafranca del Penedes (Herrialde Katalanak) herriko Aliga figura izan dute inspirazio iturri. Sanpedroetan elkarrekin ibili ziren bi herrietako taldeak, eta oriotarrek gertutik ezagutu ahal izan zuten figura eta horren inguruko guztia.

Figura egitea izango da aurreneko lana, horren neurriak eta formak baldintzatuko duelako ondoren harentzat sortu beharreko dantza. Konpartsak askorik ez du aurreratu nahi, baina esan du Euskal Herrian bertan egingo dutela figura –kataluniarren aholkuekin– bertako artisauekin, eta dantza, berriz, herriko koreografoekin elkarlanean sortuko lukete. Udala prest agertu da diruz laguntzeko.

Figura eskuartean dutenean, izen-ematea zabalduko dute, oriotarren artean figura eramateko taldetxo berria sortzeko.

Abenduak 29, 09:00: Gukak Inozenteen Egunaren harira ateratako albistea da hau.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide